Indaba protagonista, azaroko Azoka Berezian

09:00etatik zer erosi eta zer ikusi ez da falta Gernika-Lumoko Merkatu plazan: gaztak, eztiak, ogiak, ardoak, pastelak, osagarriak…
Azaroko Azoka Berezian, Indaba Eguna da gaurkoa [azaroak 4], eta lehenengo orduan jende asko hurreratu ez bada ere, eguerdirako jendearen joan-etorria igarri dute saltzaileek. Hala ere, antolakuntzatik esan dutenez, aurtengoa “nahikoa arraroa edo ezohikoa” izaten ari da; izan ere, aurreko hilabeteetako azoketan beste urte batzuetan baino “askoz ere jende gutxiago” ibili da: “Uste dugu eguraldiagatik izan daitekeela; eguraldi onagaz jendea hondartzara edo kanpora mugitu delako izan daiteke Merkatu plazara jende gutxiago hurbiltzea”.
Euskal produktuei balioa emateko helburuagaz, ekainetik abendura bitartean, hilabeteko lehen zapatuetan izaten dira Azoka Bereziak.



























