Nabarnizko argazki onenekin osatuko dute 2024ko udal egutegia
Udal egutegia osatzeko argazki lehiaketa abiatu dute, eta nabarniztarrek herriko gune, txoko zein ohiturak jaso beharko dituzte. Argazkiak azaroaren 10a aurretik aurkeztu beharko dira.
2024ko udal egutegirako argazkiak bilatzen hasi da Nabarnizko Udala, eta argazki lehiaketa jarri du martxan. Gai zehatzik ipini ez dutenez, parte hartzaileek denetariko argazkiak aurkeztu ahalko dituzte –ohitura, paisaia, kultu ondarea, besteak beste–, baina argazkiak Nabarnizen ateratakoak izan beharko dira, “argi eta garbi”. Azaroaren 10eko 14:00etara arte aurkeztu ahalko dira argazkiak.
Adin mugarik barik, udalerrian erroldatutakoek bidali ditzakete argazkiak udala@nabarniz.eus posta elektronikora, JPG formatuan. Zehaztu dutenez, horizontalean ateratakoak onartuko dituzte, eta erresoluzio handikoak izan beharko dira. “Gutxienez 2Mb edo 4000×3000 pixel izan beharko dituzte”, zehaztu dute.
Herritar bakoitzak gehienez hiru argazki bidali ditzake, baina bakarra aukeratuko dutela jakinarazi dute: “Argazki bakoitzak izenburua edo azalpen laburra eroan beharko du, baina ez egilearen izena, sinadura edo identifikazio daturik”.
Epaimahaia ez dute udal ordezkariek osatuko, argazkien aukeraketa udalaz kanpoko aditu talde batek egingo baitu, eta herriko egutegirako aukeratutako argazki bakoitzaren egileak 50 euroko saria jasoko du.