Protesta egiteko modua aldatu du Bermeoko Mugimendu Feministak
Hilean behin autokarabanan ibiliko dira, eta erasoak zenbatzeko informazio panela jarriko dute Kabidxe kanpoan.
Taldean jesarri eta orain arte egindako lanaren balorazioa egiterako orduan, Bermeoko Mugimendu Feministak erabaki du herrian gertatzen diren erasoen aurrean beste modu batera protesta egitea. Modu horretara, elkarretaratzeak deitzeko formatua, momentuz, alde batera utziko dutela iragarri dute.
Hala, batetik, hilean behin, azken asteburuan autokarabanan aterako dira kalez kale, “herrian ematen diren erasoak salatzeko, eta, baita ere, orokorrean indarkeria matxistaren aurkako aldarrikapenak egiteko”. Lehenengo autokarabana joan den zapatuan [urriak 28] egin zuten. Megafoniatik herrian ematen diren erasoen datak esaten joatea dute asmo, “herritar guztiak jakinaren gainean egon daitezen”.
Bestetik, Goiko Plazako Kabidxe Gune Sozialaren kanpoko aldean informazio panel bat jartzea adostu dute, “laster prest edukiko dutena”. Bi atal izango dituen informazio panela izango dela zehaztu dute. Ataletako batek, Euskal Herriko mapa edukiko du; zenbatuko ez dituzten arren, erasoak Euskal Herriko zein herritan ematen diren jarriko dituzte. Beste atalean, berriz, Bermeon bertan ematen diren erasoak agertuko dira, kasu horretan bai, zenbatuta. “Oraindik ez dugu adostu hilero informazio panela garbituko dugun, edo urte guztikoak utziko ditugun”, diote Bermeoko Mugimendu Feministatik.
Joan den udan egon ziren eraso guztien ostean, Bermeoko Mugimendu Feministak elkarretaratzeak deitzen zituen, protesta egiteko: “Astero batzea, guztiak mobilizatzea, testuak prestatzea… lan handia da. Gaur egun, taldean ez daukagu nahikoa indar horregaz jarraitzeko; izan ere, taldeko guztiok dauzkagu beste gauze batzuk, lana, ikasketak…”. Uste dute, gainera, negura begira, “jende gutxiago mugitzen” dela: “Izan daiteke eguraldiagatik, edo baita ere, astero berdina salatzen egotea eta aldaketarik ez ikusteak nekatu egiten duelako”.
Hala, balorazioa egin ostean, taldeko indarrak neurtu zituztela azaldu dute. Orain, gainera, azaroak 30erako deituta dagoen Greba Feminista Orokorra ere prestatzen dabiltzala gogorarazi dute: “Ez gara horrenbeste pertsona taldean, guztiagaz aurrera egiteko”.