Palestinaren askatasuna exijituko dute Gernika-Lumon
Israelgo Estatua Palestinaren kontra egiten ari den "genozidioa" salatuko dute eta "hori gelditzeko" eskatuko dute bihar 19:30ean [azaroak 3].
Palestinarrei babesa eta elkartasuna adierazteko eta Palestinaren askatasuna eskatzeko elkartuko dira bihar [azaroak 3] Gernika-Lumon; 19:30ean jarri dute hitzordua Merkurion, eta herritarrei bertaratzeko deia egin diete.
Gernika-Palestina. Elkartasuna-askatasuna lelopean batuko dira, eta Gernika Memoriaren Lekuko plataformako kideek palestinarrek “pairatzen” dutena salatuko dute: “Palestinako herriaren kontra genozidio bat egiten dago Israelgo Estatua, argi eta garbi”. Salatuko dute, gainera, suntsiketa hori indar boteretsuenen konplizitateagaz egiten ari dela Israel. “Gure aguntariak presionatu behar ditugu. Israelek ezin du defentsa eskubidearen izenean genozidioa eragin”. Hain zuzen ere, euren ustez, horixe da salagarriena; “mundu guztiaren begien aurrean” eta nazioartean aginte edo botere politiko handia daukatenen “konplizitatepean” ari dela Israel. “Horrek herritar modura posizio delikatuan jartzen gaitu. Ez da bakarrik Israel zer egiten ari den, nola egiten ari den ere garrantzitsua da. Oniritzia, konplizitatea, babesa eta kritikarik eza nagusi dira nazioarteko agintarien artean, eta hori onartezina da. Genozidio hau gelditu behar da, eta, horretarako, Gernikatik ahotsa altxatzea gure ardura bat izan behar da”.
Hamarkadetako gatazka luzeagaz amaitzeko okupazioa eta apartheida amaitu behar direla adieraziko dute bihar: “Gatazkaren soluzioa okupazioa eta apartheida amaitzetik hasita, Palestinak bere estatu propioa eraikitzeko eskubidetik pasatzen da, halabeharrez”.
Urriaren 16an egin zuten mobilizazioaz geroztik, “egoera areagotu eta kronifikatu baino ez da egin”, eta biharko deialdia Gernika-Lumotik Palestinako herriaren alde eta ondoan daudela adierazteko bidea da: “Salaketa egiteaz gain, gure izenean edo gure konplizitatepean behintzat genozidio hori ez dugula onartzen adieraziko dugu. Euskal Herri mailan erantzukizun hori badaukagu, baina, uste dugu bereziki, Gernikatik, sinbolikoki, historikoki eta kulturalki, ardura erantsi bat daukagula”. Horren harira, Gazan bertan zegoen horma-irudia gogora ekarri dute: “Gernika 1937 Gaza 2017 jartzen zuen murala jada ez da existituko, eta haregaz dena esaten zen. Zentzu politiko, kultural eta sozial berdina izaten jarraitzen du. Bonbardaketaren bitartez, Gernikak genozidio saiakera bat pairatu zuen”.