Geldialdiaren aurretik, azken garaipenaren bila
Lointek Gernika Bizkaiak barikuan [azaroak 3] 21:00etan Barça CBSren aurka jokatuko du, Malosten. Selekzioen ia bi asteko geldialdiaren aurreko azken partida da.
Lointek Gernika Bizkaia bolada onean dago, hiru garaipen daramatza jarraian eta beste bat lortu nahi du selekzioen geldialdiaren aurretik. Sentsazio onekin joatea oporretara beti da garrantzitsua. Talde gernikarrak Barça CBS izango du aurkari barikuan [azaroak 3] 21:00etan, Malosten. Gero, zenbait jokalarik alde egin beharko dute haien herrialdeetako selekzioekin jokatzeko. Hurrengo partida azaroaren 16an izango dute Bembibren.
Lucas Fernandezek pixkanaka taldea martxan jartzea lortu du. Ligako azken bi garaipenak balio handikoak dira Valentziaren aurka etxean eta Jairisen kontra kanpoan. Partida bakarra galdu dute ligan. Koparako sailkapena bide onetik darama Lointek Gernikak. Horretarako, garrantzitsua izango litzateke talde kataluinarra menderatzea.
“Garaipen oso garrantzitsu bat lortzetik gatoz, gainera erregularrak izan ginen Murtzian eta partida menderatu genuen”
“Garaipen oso garrantzitsu bat lortzetik gatoz, gainera erregularrak izan ginen Murtzian eta partida menderatu genuen”, adierazi du Marta Alberdi gernikarrak. Hegalekoak nabarmendu du “garrantzitsua” litzatekeela garaipena eskuratzea: “Horretarako, gure jokoa egin behar dugu eta defentsan gogor lan egin beharko dugu jokalari oso onak dituelako Barçak eta Maloste oso ondo ezagutzen dutenak”.
Hain zuzen ere, duela aste gutxi batzuk Angie Bjorklundek Bartzelonako taldeagaz fitxatu zuen Lointek Gernikagaz adostasunez kontratua desegin eta gero. Horrez gain, Roselis Silva Lointek Gernikako antolatzaile ohia ere fitxatu dute eta udan, baita ere Paula Ginzo. Iaz Barça CBS ligako laugarren talderik onena izan zen, kanporaketetako final-laurdenetan Uni Girona kanporatu eta gero. Udan Eurocup Women jokatzeari uko egin zioten.