Errege Kopatik kanpo geratu dira gernika-lumotarrak
Unionistas de Salamanca CF taldeak bi gol jarraian sartu ostean, 0-2 amaitu zuten Errege Kopako kanporaketetako partidua.
Gernika SDk 0-2 galdu zuen atzo arratsaldean (azaroak 1) Salamancako Unionistas CF taldearen aurka Espainiako Errege Kopako kanporaketan, Urbieta futbol zelaian. Horrenbestez, kanporatuta geratu dira hasi bezain laster. 1.200 ikuslek bete zituzten harmailak.
Talde gernikarrak ondo eutsi zion kanpoko taldeari lehen 45 minutuetan. Lan sendoa egin zuten defentsan eta erasoan ere aukerak apurrak izan zituzten atea zulatzeko. Hala ere, Salamancakoek defentsa lan ona egin zuten, eta atea hutsik mantentzea lortu zuten.
Atsedenaldian markagailuak 0-0 markatzen bazuen ere, bigarren zatian Salamancako taldeak bi gol jarraian sartu zituen, 70. eta 73. minutuetan. Gainera, aurretik Berasaluzek egindako penalti bat gelditu zuen Magunazelaia talde gernikarreko atezainak.
Talde gernikarrekoek ahaleginak egin zituzten arren, Unionistas taldekoek irabazi zuten partidua. “Nahiko ondo hasi ginen jokatzen, baina eurek fisikoki hobeto daudela igarri zen bigarren zatian. Horrez gain, kontuan hartu behar da maila bat goragoko taldea dela Unionistas, eta hori ere igarri egin genuen. Indartsu ibili ziren aurkariak”, adierazi du Koldo Berasaluze Ibarzabal taldeko kapitainak.
Herrikoen emozio eta txalo artean jokatu zuten, baina gernikarrek ezin izan zuten partida irabazi, eta ondorioz, Errege Kopako lehiatik kanpo geratu dira.