Eako hegaztiak ezagutzeko irteera, zapatuan
Edorta Unamunok gidatuko du ibilaldia. Zapatuan 10:00etan jarri dute hitzordua, udaletxe aurrean.
Etzi [azaroak 4] Eako hegaztiak ezagutzeko aukera egongo da, Edorta Unamuno Urdaibai Bird Centerreko kidearen gidaritzapean. 10:00etan jarri dute hitzordua, udaletxe aurrean. “Herriko toki oso politetatik” pasako dira: erreka jarraituz burdin errotaraino joango dira parte hartzaileak. Unamunok adierazi du, hegaztiak ikusteaz eta entzuteaz gain, paisaiaren interpretazioa ere egingo dutela: “Helburua batez ere Eako herritarrek inguruan zer duten ikustea eta ezagutzea da. Bertan dagoen hegazti fauna guztia zoragarria da. Habitat asko daude bertan, kostaldean, hondartzan, errekan, basoetan… paradisua da”.
Egunak lagunduz gero, 30 espezie inguru ikusteko eta entzuteko aukera edukiko dute: “Ikusmenaz gain, entzumena lantzea ere garrantzitsua da. Baso batean egonez gero, baliteke hegazti fauna ez ikustea, baina entzutea errazagoa da. Hori ere landuko dugu”.
Horrez gain, azaroaren 26an, 10:30ean, txorien eraztuntzea egingo dute, Urdaibai Bird Centerren: “Gure biodibertsitatea ezagutzeko aukera paregabea da”.