Goizeko lehenengo ordutik bisitaririk ez da falta Urriko Azken Astelehenean
Urriko Azken Asteleheneko Azokan lehenengo ordutik ibili dira bisitariak erosketak egiten. 09:00etatik 15:00ak bitartean, 307 postutan eskaintza bete-betea dago gaur Gernika-Lumon. Arratsaldean eta gau partean ere, gura duenarentzat jai giroa bermatuta egongo da.
09:00ak orduko baserritarrak eta askotariko ekoizleak eta artisauak azken ukituak egiten ibili dira euren postuetan, bisitariak hartzeko dena dotore-dotore edukitzeko. Urteko plaza garrantzitsuenetakoa eta berezienetakoa da asko eta askorentzat Urriko Azken Asteleheneko Azoka. Jendetsua izaten da, eta gaur ere 100.000 bisitari baino gehiago espero dituzte. Goiztiarrenak dagoeneko erosketak egiten ibili dira; izan ere, eguerdi parteko jende uholdea saihestu gura izaten dute hainbatek.
15:00ak bitartean, eskaintza zabala daukate azokako 307 postuetan: Artekale kalean 66 postu, Domingo Alegrian 20, Industria kalean 40, Alhondigan makineria, Juan Calzadan 30 postu, San Juan kalean 32, Pasealekuan 50, Santa Ana parkinean 40 saltzaile ibiltari, eta Pablo Picasson komunikabideak.
Ikusteko eta erosteko ez ezik, dastatzeko aukerarik ere ez da falta. Erakusmahaietan pintxoak zein euren produktuak probatu litezke, eta goizean goizetik herriko talde eta elkarteen txosnak ere zabalik daude. Taloak egin eta egin ibiliko dira arratsaldeko lehenengo ordura arte.
12:00etan, Onintza Enbeitak, Sebastian Lizasok eta Andoñi Egañak bertso saioa eskainiko dute Merkurion, eta horiek oholtzatik jaitsi ondoren, azokako ekoizleen artean sariak banatuko dituzte, 13:00ak aldera. Jarraian, eguneko hitzordu esanguratsuenetakoa izango da: gaztaren enkantea.
Winter Series. 18:00etatik aurrera, ostera, zesta puntaren katedralean izango da ikusmina eta ikuskizuna. Eusko Label Winter Series txapelketaren lehenengo jardunaldia lehiatuko dute Jai Alai frontoian, eta sarrerak aurretiaz agortu ziren.
Unai Lekerikabeaskoa etxeko atzelariak Iñaki Osa Goikoetxeagaz bikotea osatuta, Erik Mendizabalen eta David Minvielleren kontra jokatuko dute. A multzoko lehia horretan, potentzia eta segurtasuna izango dira aurrez aurre. Partidu horren aurretik, giroa berotzen hasteko, Gonzalo-Oier Diaz eta Basterra-Atain bikoteen arteko partiduaz gozatzeko aukera edukiko dute zaleek.
Berritasun modura, Zenbat da? jokoa sortu dute aurtengo Urriko Azken Astelehenerako. Azokako 40 produktuz osatutako otzara dago BBKren postuan, eta jokoan parte hartzen dutenek haren prezioa zein den asmatu behar dute.
Parte hartzeko derrigorrezkoa izango da azokako edozein postutan produkturen bat erostea, eta tiket horretan izen-abizenak eta telefonoa ipini behar dira, otzararen prezioagaz batera.
Bi otzara zozketatuko dituzte: “Benetako preziora behetik hurbiltzen denak irabaziko du otzara”. Azaroaren 6an jakinaraziko dute irabazlea.