307 postutako eskaintza zabala
09:00etan zabalduko dute azoka astelehenean [urriak 30], eta eta 15:00etara bitartean, Euskal Herri osotik ailegatutako ekoizleen produktuak ikusi eta dastatzeko aukera izango da. Bertsolariek, sari banaketak eta enkanteak beteko dute eguerdia. Segurtasun eta larrialdi plan bat prestatu du udalak, suhiltzaileekin, Gurutze Gorriarekin, Osakidetzarekin, udaltzainekin eta Ertzaintzarekin elkarlanean. Bestalde, 'Zenbat da?' jokoa prestatu dute: 40 produktuz osatutako otzara bat egongo da BBKren postuan, eta otzararen prezio zehatza asmatuko beharko da, otzara irabazteko.
Badator Urriko Azken Astelehena Gernika-Lumoko txoko guztiak girotzera. Nekazaritza protagonista duen azokak hartuko du udalerria, eta 307 postutan zer saldu eta zer erosi edukiko dute bertakoek zein kanpotarrek. Izan ere, azokak jendetza batzen du urtero; iaz, esaterako, 125.000 pertsonaren aterpea izan zen.
09:00etan zabalduko dituzte euskal ohitura eta kultura batzen dituen azokaren eta lehiaketaren ateak, eta 15:00etara bitartean, Euskal Herri osotik ailegatutako ekoizleen produktuak ikusi eta dastatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Gazta, eztia, euskal pastela, ogia, txakolina, barazkiak, artisautza produktuak eta beste hainbat ekarriko dituzte. Iñaki Gorroño udal zinegotziak aurreratu duenez, Artekale kalean 66 postu egongo dira, Domingo Alegrian 20, Industria kalean 40, Alhondigan makineria, Juan Calzadan 30 postu, San Juan kalean 32, Pasealekuan 50, Santa Ana parkinean 40 saltzaile ibiltari, eta Pablo Picasson komunikabideak.
Baserrietako ekoizpenaren erakusleihoa izaten da Urriko Azken Astelehena, urtean egindakoak herritarren aurrean bistaratzeko eguna. Baserritarren lan hori aitortzeko lekua ere izaten da azoka, eta oraingoan ere, azokako ateak itxi aurretik egingo dute sari banaketa Merkurioko agertokian, 13:00ak aldera. Urtero legez, barazki, lore, fruta, txakolin, gazta eta eztirik onenak sarituko dituzte.
Enkantea.
Halaber, eguerdian jende gehien batzen duen ekimena ere egingo dute: gazta enkantea. Beste urte batez, irabazlearen eta bigarren onenaren gazta erdiak eramango dituzte enkantera. Iazko gazta gozoena Mutrikuko Beñat Egañaren Goienetxerena izan zen, eta 6.100 eurotan erosi zuen 1000 Kolorau Jatetxeak. Aurten, enkantea zuzentzeaz Luis Mari Bengoa arduratuko da.
Sari banaketa eta enkantearen aurretik, baina, bertsolariek ohiko saioa eskainiko dute Merkurion: Sebastian Lizaso, Andoñi Egaña eta Onintza Enbeita igoko dira oholtza gainera 12:00etan.
Eta egunari amaiera emateko, Dj Krutziok, Arsenikek eta Quitapenas Colectivak girotuko dute Astran iluntzea. 18:00etan zabalduko dituzte fabrika sozialeko ateak, eta jarraian hasiko dute festa. Jai Alai frontoian ere, ordu berean hasiko da Winter Series txapelketaren lehenengo jardunaldia.
Eguna segurtasunez ospatzeko, segurtasun eta larrialdi plan bat prestatu du udalak, suhiltzaileekin, Gurutze Gorriarekin, Osakidetzarekin, udaltzainekin eta Ertzaintzarekin elkarlanean. Hiru izango dira prest egongo diren anbulantziak, Adolfo Uriosten, Juan Kaltzadan eta Verga kalean. “Arriskuen aurrean jarduteko protokoloa prestatu dugu, eta horretan parte hartuko dute 70 pertsonak baino gehiagok”, azaldu du Gorroñok. Hain zuzen ere, Gurutzeko Gorriko 11 boluntario egongo dira astelehenean, baita 22 ertzain, 17 udaltzain, 15 udal langile eta suhiltzaileak.
Hori esanda, herritarrei euskal baratzeko erakusleihorik “onenera” bertaratzeko deia egin die udal ordezkariak, baita garraio publikoa erabiltzekoa ere.
‘Zenbat da?’.
Leire Zarate BBK-ko ingurumen eta jasangarritasun arloko arduradunak esan du azokan parte hartuta Bizkaiko baserritarrei euren babes osoa eskaini gura dietela: “Bizkaiko lehen sektorearentzat hitzordu garrantzitsu bat da, eta guretzako ere tradizio bihurtu da. Azokak gure tradizioaren parte bihurtu dira, eta sustrai historikoak dituzte. Gaur egun, landagune eta hiriguneen topagune dira. Gure sustraiekin eta tokiko elikagaien ekoizpenagaz lotzen gaituen jaia bihurtu da azoka. Azokak ezinbestekoak dira lehen sektorerako, baita produktuak eta jarduerak hedatzeko eta sustatzeko ere, eta zelan ez, garapen iraunkorreko helburuak lortzeko, hau da, ekoizpen eta kontsumo arduratsua bultzatzeko”. Sektore hori zaindu beharreko “ondare eta ondasuna” dela azpimarratu du Zaratek, eta BBK-k horren alde egiten duela dio.
Hala, azokara hurbiltzen direnei zuzendutako joko bat prestatu dute Urriko Azken Astelehenerako: ‘Zenbat da?’. Hala, BBK Azokan parte hartzen duten baserritarren 40 produktuz osatutako otzara bat egongo da BBKren postuan, eta azokara hurbiltzen direnek otzararen prezio zehatza asmatuko beharko dute, otzara irabazi ahal izateko. Bi otzara zozketatuko dituzte: “Benetako preziora behetik hurbiltzen denak irabaziko du otzara, eta parte hartzeko, azokako edozein postutan produktu bat erosi beharko da, eta tiket horretan izen-abizenak eta telefonoa zehaztu beharko dira, baita otzararen ustezko prezioa ere”. BBKren postuan egongo den kutxan sartu beharko dute parte hartzaileek eta azaroaren 6an jakinaraziko dute irabazlea. Jolasagaz, erosten dituzten produktuen atzean nortzuk dauden ezagutzea bultzatu gura du BBK-k, eta bestetik, bertoko ekoizleek euren produktuak eskaintzen jarraitzeko aukera eskaini gura diete.