"Gernikakoa galdu ezin dugun plaza bat da"
Markina-Xemeingo Barinaga auzoko Arkaitz eta Bidane anai-arrebek, Patxi aitagaz batera Baskaran Idiazabal zigiludun gazta ekoizten dute, beste hainbat esnekiren artean. Aurtengoan ere, urtero legez, Gernika-Lumoko Urriko Azken Asteleheneko azokan egongo dira.
Noiztik joaten zarete Gernika-Lumoko Urriko Azken Asteleheneko azokara?
Nik neuk bizitza guztian ezagutu izan dut, eta uste dut 30-40 urte inguru badirela bertara joaten garela. Aurten ere bertan egongo gara.
Ze garrantzi du zuentzat Urriko Azken Astelehenera joateak?
Guretzako Gernikako azoka urteko onenetariko bat da. Aipatzekoak dira Lea-Artibaiko Urriko Azoka Nagusia, Gernikakoa eta San Tomasak. Horiek dira guretzako garrantzitsuenak, eta Gernikakoa galdu ezin dugun plaza bat da.
Salmenta gune edo plaza ona da?
Bizkaiko azoka denak egiten ditugu, baina Gernikakoa hiru onenen artean dago. Salmentak oso onak izaten dira. Horrez gain, Euskal Herri guztiko artzain asko joaten dira bertara, eta guztiok elkartzeko egun bat ere izaten da.
Bertako lehiaketan parte hartzen duzue?
Ez dugu parte hartzen. Adi egoten gara, baina parte hartzen ez dugunez ez digu ezertan eragiten. Gure lehiaketarik onena Gernikako Azokan saltzea da.
Eta beste lehiaketaren batean?
Azoka puntual batzuetan bai, baina orokorrean ez. Idiazabal jatorri izendapenaren lehiaketatan hainbat baldintza bete behar dira, eta arau guztiak betetzen ez badituzu zaila da saria eskuratzea. Batzuek horri begira egiten dute gazta, baina ez da gure kasua, arau guztiekin bat egiten ez dugulako. Azken finean, erabaki pertsonal bat da ez aurkeztea. Dastaketetan begiekin ere asko jaten dutela uste dugu, eta begiak itxita izango balitz emaitzak beste batzuk izango liratezkela. Guk ezin dugu hori aldatu, eta erabat ados ez gaudenez, ez gara aurkezten.
Lea-Artibairen zuek bakarrik ekoizten duzue Idiazabal zigiludun gazta, ezta?
Lea-Artibai mailan bai, baina Mutrikun badago bat. Duela parebat urtera arte Txurruka zegoen Markina-Xemeinen adibidez, baina orain bakarrak garela esango nuke.
Noiztik ekoizten duzue gazta?
Gure etxean beti egin izan da gazta. Aitak eta nire aiton-amonek esne behiak zeuzkaten eta baita ardi batzuk ere. Gaztak egiten hasi ziren ardi esneagaz eta behiak kendu eta artaldea handitu zutenean, Idiazabal zigiluagaz hasi ziren, gutxi gorabehera jatorri izendapenaren sorreratik, 1987 ingurutik. Nik betidanik ezagutu izan dut.
Zein da zuen bereizgarria?
Alde batetik, garrantzitsuena da gazta esne gordinagaz egiten dugula. Esne gordinak beste zapore bat dauka, pasteurizaziorik ez duenez, zapore gehiago eta ezaugarri hobeak dituen esnea da, esne ona izanez gero, noski. Horrez gain, guk urtarriletik uda aldera arte ekoizten dugu gazta, gure bildotsen gatzagi naturalagaz, eta horrek ere bere ukitua ematen dio gaztari. Azkenik, larrea. Asko aldatzen da gure gazta negutik udara eta hori ardiek jaten dutenaren araberakoa da. Hori guretzako onura bat dela esango nuke.
Zenbat ardi dituzue eta zenbat gazta ekoizten duzue urtean?
Guztira 450 ardi inguruko artaldea daukagu. Jatekoak, eguraldiak eta jaiotzen diren bildots kopuruak, esaterako, eragina dute ekoizpenean, eta beraz, ez dugu urtero kopuru berdina ekoitzen. Gutxi gorabehera 7.000 eta 8.000 kiloren bueltan ibiltzen gara.
Zelan dago gaztandegien egoera?
Ekoizpenaren aldetik gero eta jende gutxiago gaude. Lan karga handia duen lanbidea da eta gustatu egin behar zaizu lan hau egitea, polita ere baden arren. Bestalde, salmentari dagokionez, uste dut badagoela publiko jakin bat gure gazta kontsumitzeko ohitura duena. Esango nuke aurten nahiko salmenta onak ari gara edukitzen gehienok. Hala ere, alderik txarrena burokrazia da: gero eta gehiago eskatzen digute eta horrek ito egiten gaitu.