"Bisitariak erosteko pentsamenduagaz etortzen dira azokara"
Urriko Azken Asteleheneko Azoka Euskal Herriko ezagunenetakoa da. Zergatik dira garrantzitsuak halako azokak?
Baserritarrentzako erakusleiho oso garrantzitsua da, eta ez bakarrik euren produktuak erakusten dituztelako. Bisitarien kopurua oso altua da, eta horiek badakite azokan bertoko zein Euskal Herri mailan dauden kalitatezko produktuak edukiko dituztela eskuragarri. Salmenta mailak ere nahikoa interesgarriak izaten dira; datozen bisitariak erosteko pentsamenduagaz etortzen dira. Herri eta eskualde mailan egiten diren formato txikiagokoak ere oso garrantzitsuak dira. Ez daukate hainbesteko oihartzunik, baina lehenengo sektoreko produktuak kontsumitzaileei eskura jartzeko eta harreman zuzena edukitzeko oso formatu interesgarriak dira. Ekoizten dituzten produktuak bertatik bertara, zuzenean erosteko aukera ematen diete kontsumitzaileei, ez dago bitartekaririk. Hori balioan jarri behar da.
“Herri eta eskualde mailan egiten diren formato txikiagokoak ere oso garrantzitsuak dira”
Lehenengo sektorea osasuntsu al dago gure eskualdean?
Orokorrean, hemen zein nazioartean, egoera nahikoa eskasa da. Gero eta ekoizle gutxiago daude. Nahiz eta baserri inguruko jendea izan, beti esan digute behar gogorra dela, ez dagoela jai egunik… Kutsu edo errelato hori oraindino ez da ahaztu. Benetan sektorean aritu gura duen jende oso gutxi dago; nahiz eta erreminta pila bat egon, aldundiaren, gurea bezalako entitateen eta Eusko Jaurlaritzaren aldetik laguntzak eta erraztasunak eman, ez dakit zergatik, baina ez da batere erakargarria sektore hau. Urteetako kutsu negatiboa daukalako izan liteke, errelatoa ez delako batere erakargarria. Bertoko produktuak eta produktu freskoak kontsumitzeko eskaria gero eta handiagoa da. Uste dut gaur egun badaudenak era oso osasuntsuan daudela. Entitateetatik ekoizle berriak erakartzea bultzatu behar da, sektorean lan egitera bultzatu, sektore indartsu bat izateko.
“Entitateetatik ekoizle berriak erakartzea bultzatu behar da, sektorean lan egitera bultzatu, sektore indartsu bat izateko”
Bertoko produktuak balioan jarri al dira?
Bai, argi daukagu pandemia urteak horretan eragina izan duela, zenbakiek erakusten duten moduan. Produktoreak eskaerei erantzun ezinik ibili ziren; Boom handia sortu zen. Gero, egia da murrizketak gutxitzean, salmentak jaitsi zitzaizkiela. Uste dut ordutik, kontsumitzaileen artean bertoko produktuak kontsumitzen jarraitzeko kutsua geratu dela. Eta eskualdean badaukagu Jangurie mugimendua, eta Allende Salazar eskolako jantokian badaramatzate urte pila bat bertoko produktuekin hornitzen, eta badakigu beste eskola batzuk ere mugimendu horretan sartu nahian daudela. Uste dut kontsumitzaileengana hurreratu behar dugula. Adibidez, euren etxeetan eta hustiategietan salmenta zuzeneko dendak izateak, kontsumitzaileek euren produktuak erostea errazten du. Arrakasta oso handia izaten ari dira.
“Belaunaldiarteko erreleboa erronka nagusietako bat da,
eta horri ere bultzadatxoa eman nahi diogu”
Zeintzuk dira erronka nagusiak? Etorkizuna bermatuta al dago?
Sektoreko agente denok lehen sektorea eskualde mailan dinamizatzeko lantaldea daukagu. Eskoletako jantokiak hornitzeko eskaria handituz gero, gure eskualdea horri erantzuteko gai izango ote zen aztertzea izan zen abiapuntua. Allende Salazarreko jantokiko kontsumo datuak edukita, modelo horretan eskualdeko beste eskola batzuk sartuz gero, eskualdean ekoizten dena jantoki horiek hornitzeko nahikoa izango ote zen jakiteko ikerketa horretan ondorioztatu zen inondik inora ez zela posible hori. Kontsumo arloan badaukagu mugimendu indartsua martxan, orain, horretara gero eta ekoizle gehiago batu nahian ari gara. Daudenek ekoizpen kopurua handitzeaz gain, ekoizle gehiago batzea edota berriak sortzea beharrezkoa litzateke. Bestalde, eskualdean badago Baserritik Gernikara-ri bultzada eman nahi diogu, euren helburua ere horixe da-eta jende gehiagorengana heltzea eta ekoizle gehiago batzea. Eta belaunaldiarteko erreleboa erronka nagusietako bat da, eta horri ere bultzadatxoa eman nahi diogu. Jubilatzear dauden edo urte batzuk falta zaizkienekin harremanetan ipiniko gara, batez ere euren instalazioak eta egin dituzten inbertsioak ekoizle berriek edo hasi gura dutenek aprobetxatu ahal izateko. Eskualde mailako lanketa egingo dugu, prototipo bat diseinatu gura dugu. Kataluniako esperientzia batzuen ereduak ikusten ari gara. Gu baino aurreratuago doaz, eta hango praktika onak eta aurrera eroan dituzten proiektuak eta prozesuak hona ekarri guran gaude.
Aipatutakoaren ildotik, Urremendiren lan-ildo nagusiak?
Urremendi bitarteko-agentea da. Administrazioaren eta pribatuen zein administrazio lokalen arteko bitartekari moduan aritzen gara. Edozein eratako iniziatibagaz hurreratu daiteke edonor guregana. Landa-guneetan edozein aktibitate ekonomiko martxan jarri gura dutenak etorri litezke. Landa garapen elkarteak ez gaude bakarrik lehenengo sektoreko atala dinamizatzeko, landa-guneetan aktibitate ekonomikoa sortzeko laguntzak bideratzeko funtzioa daukagu eta informazioa ematen dugu: bete beharreko baldintzak, erakundeen laguntzak…