"Ekoizleen eta erosleen arteko hartu-eman oso interesgarria sortzen da halako azoketan"
Lehenengo sektoreko ekoizpenaren erakusleiho nagusienetakoa da Urriko Azken Asteleheneko Azoka. Zergatik da beharrezkoa halako azokak egitea?
Gero eta “birtualagoa” den mundu honetan, non jatekoen, janztekoen, gailu elektronikoen… jatorria ezagutu ere ez dugun egiten, oso garrantzitsuak dira halako azokak, bertan erakusten diren produktuak “fisikoki” ikusi eta ukitzeaz gain, non eta nork sortu edo ekoiztu dituen jakin daiteke. Gero eta mundu inpertsonalago batean, erabat pertsonalizatu egiten da produktua eta ekoizlea halako azoketan. Aurpegia jartzen zaio produktuaren atzean dagoen pertsonari. Euskal Herrian egiten dugun eta egin dezakegunaren erakusleiho bihurtzen da, baita nortzuk ekoizten dutenaren erakusleiho ere. Honek sekulako garrantzia du, zuzeneko harremana sortzen da; ez daukazu makina bat eta etiketa bat aurrean, edozein zalantza argitu dezakeen ekoizlea duzu aurrean. Ekoiztutako maila goreneko produktuak era txukun batean aurkeztea lortzen da: hau gara, hau da gure produktua. Harrotasun puntu bat ere sumatzen du ekoizleak herrikideei egindako lana eskainiz. Alde bientzat–ekoizle eta erosle– oso interesgarria den hartu-emana sortzen da halako azokatan. Badira urtero Urriko Azken Astelehenean bataren gazta, bestearen ogia edo haren mermeladak erosteko zain daudenak.
“Azokak ondo daude erakusleiho gisa, baina prestigioa egunerokotik dator, gure eskualdearen aktibo bat izatetik”
Zein mehatxu eta oztopo dituzte lehenengo sektoreko beharginek?
Zoritxarrez eskualdeko lehen sektorearen egoera ez da batere ona. Gero eta ekoizle gutxiago daude eta deudenak gero eta nagusiagoak dira. Arrazoiak anitzak dira, eta online munduaren sorrerak kolpe bat suposatu izan duen arren, lehen sektorearen gutxitzea urte askotako prozesua da. Gaur egun badira lehen sektoreko hainbat azpisektore desagertuta daudenak eskualdean. Lurrak duen prezioak eta lortzeko zailtasunak (erosteko zein alokatzeko) ez du batere laguntzen jende berria lan honetan hastea, ezta irabazien ezegonkortasunak ere.
“Gaur egun lehen sektoreko hainbat azpisektore desagertuta daude eskualdean”
Zeintzuk dira erronka nagusiak?
Oraintxe bertan, biziraute hutsa da erronka; bizirautea, dagoenaren transmisioa egin ahal izan arte. Dena galtzen uzten badugu, gero askoz zailagoa izango da edozein ekimen bultzatzea. Lurrak sasiz betetzen badira, ohiko kontsumitzaileak galtzen badira, bertoko arraza edota barietateak desagertzen badira… askoz zailagoa izango da etorkizunean lan egitea. Horretaz gain, gure lana prestigiatu behar da. Azokak ondo daude erakusleiho gisa, baina prestigioa egunerokotik dator, gure eskualdearen aktibo bat izatetik. Gaur egun ez dago horretan lan egiten duen erakunderik, Gernikako plaza ere gero eta abandonatuago dago. Hainbat hezkuntza zentrotan bertoko jatekoen aldeko apustua egin badute ere, hezkuntza sistemak ez du lehen sektorea bultzatzen nerabeen formakuntza planetan. Erronka nagusi ugari dauden arren, baserri mundua bizirik irautea da garrantzitsuena, ulerturik, baserri munduaren osotasuna, lurraldearen bizirik mantentzearena, eta lekuan lekuko elikadura ekoiztearena, era osasuntsuan, eta hurbileko elikagaiak bertoko jendarteak eskuragarri izan ditzan. Erronka handia da jendarteak ulertzea bertoko elikagaiak ekoizten ez baditugu, baserri mundua desagertu egingo dela, horrek suposatzen duen guztiarekin: kanpotik ekarri behar izatea egunero bizitzeko behar ditugun jakiak, gure paisaia eta lurraldearen hiltzea eta gure ondare kulturala den mundu oso bat desagertzearena.
“Hainbat hezkuntza zentrotan bertoko jatekoen aldeko apustua egin badute ere, hezkuntza sistemak ez du lehen sektorea bultzatzen nerabeen formakuntza planetan”
Etorkizuna bermatzeko zein da bidea?
Lehendabizi lehen sektorearen premia argi eduki behar da, batez ere tresna gehien dituztenen aldetik, hau da, instituzioetatik. Erosketa publikoa bermatu behar da, ez da posible, adibidez, bertoko umeek, bertoko eskoletan, bertokoa jatea proiektu pilotoa izatea. Ez, egunerokoa izan beharko luke, normalena. Lehen sektorea prestigiatu egin behar da eta ikasleek sektore hau irtenbide bezala ikustea eragin, horretarako formakuntza, baliabideak eta abar eskainiz. Instituzioek eta herritarrek lehen sektoreak zer suposatzen duen ulertu behar dute. Eta lehen sektorea gauza asko dira: lanpostuak dira, naturaren baliabideak ahalik eta txukunen erabiltzea da, bioaniztasunaren bermatzaile da, osasuna zaintzeko tresna da (jateko osasuntsuagoak, garraioetan kutsadura gutxiago…), uraren kudeaketan laguntzen du praktika egokiekin, kulturaren sortzaile eta gordetzaile da eta abar. Eta lehen sektorearen etorkizuna bermatzeko herrietako denda txikiek irautea oso garrantzitsua da, eta bertoko jatetxeek ere paper esanguratsua dute sektorearen biziraupenean. Harro diogu hemen inon ez bezala jaten dela, baina gero eta gutxiago hemengo errezetekin, gero eta gutxiago bertoko produktuekin.
“Lehen sektorea prestigiatu egin behar da eta ikasleek sektore hau irtenbide bezala ikustea eragin, horretarako formakuntza, baliabideak eta abar eskainiz”
Ikuspuntu agroekologikotik, eskualde mailako elikagai sistema propioa garatu beharra aldarrikatzen duzue Bizisareko kideok. Tokiko lanpostu jasangarriak eta kalitatezkoak sortzea erronka garrantzisua dela eta natur baliabideen errespetuzko kudeaketa beharrezkoa dela diozue. Gaur gaurkoz, hori guzti hori posible al da? Zer behar da hori horrela izateko?
Bai, posible da lanean hastea, eta benetan sentitzea eta sinistea berton ekoiztu dezakegula behar dugun elikaduraren zati handia. Eta ulertzea eta pentsatzea gure ardura dela berton sortzea bizitzeko hain garrantzitsua eta oinarrizkoa den jatekoa. Jakituria, lurra, ura… badauzkagu, eta herri moduan, gure elikadura ekoiztearen ardura ere badaukagu. Sarri esaten digute ez garela denontzako jatekoa sortzeko gai, ez dagoela lur edo itsaso nahikorik, ez dagoela jende nahikorik. Eta gaur gaurkoz egia da. Baina parekotasun bat eginez, duela 50 urte ba al zegoen unibertsitaterainoko ikasketak euskaraz irakasteko gaitasunik? Ba al zegoen euskal telebista bat martxan izateko besteko teknikari eta esatarik? Ba al zegoen HITZA txukun bat ia egunero etxeetara heltzeko gaitasunik? Bada bai, gaitasuna hor dago, baina gaitasun hori errealitate bihurtzeko horretan sinetsi eta lan egin behar da.
“Harro diogu hemen inon ez bezala jaten dela, baina gero eta gutxiago bertoko produktuekin”