Mailako egitaraua, 25. urteurrena ospatzeko
Xixili Torneoaren 25. ekitaldia egingo dute eguena [urriak 12] eta domeka [urriak 15] bitartean.
Xixili gimnastika erritmiko kluba ospakizun soinekoz jantziko da eguenetik domekara bitartean. Xixili Torneoa egingo dute, taldearen 25. urtemuga ospatzeko. Torneoaren aurtengo ekitaldia, klubetik azaldu dutenaren arabera, “oso berezia” izango da. Izan ere, master class bat egingo dute eguenean, 11:00etan, Bermeoko kiroldegian. Bertan, Eneko Lambea Sakoneta taldeko partaide eta gimnastikan adituak parte hartuko du. Berez, klubeko kideentzat soilik izan arren, Xixilitik aurreratu dute interesa duten gainontzeko klubetako kideek ere tokia edukiko dutela.
19:00etan, Bermeoko Artza pilotalekua izango da Torneoko bigarren ekitaldiaren habitata. Bertan, emakumezkoek eliteko kirolean duten esku hartzea jorratuko dute Mujeres en el deporte de élite, más allá del podio berbaldian. Mailako parte hartzaileak egongo dira hitzaldian. Batetik, gimnastika erritmikoko eminentzia bi: Almudena Cid gasteiztarra eta Amaia Uriondo donostiarra. Bestetik, halterofiliako herriko izarra, Garoa Martinez. Doako hitzaldia izango da, frontoiaren edukiera bete arte.
500 gimnasta inguru ariko dira Gernika-Lumoko Jai Alain
Zapatu-domekan iritsiko da, Gernika-Lumoko Jai Alai pilotalekuan, lehiaketa garaia. Xixiliko ordezkariek iragarri dutenez, 500 gimnasta inguru eta goi mailako taldeak ariko dira: Xixili, Sakoneta, Donostia, Belabieta, Ipurua, Sakoneta, Santutxu, Olazamendi, eta abar. Gainera, Asturiastik, Kantabriatik, Errioxatik, Avilatik, Leiotik edota Valladolidetik ere taldeak hurreratuko dira Jai Alaira. Zapatuan, 10:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 20:00etara artean lehiatuko dute; domekan, ostera, 10:00etatik 13:30era. Bakarkako zein taldekako lehiaketa izango dela adierazi dute antolatzaileek. Taldekako norgehiagokan, oinarrizko lau kategoria egongo dira, eta absolutu mailako beste lau. Bakarkakoan ere oinarrizko eta absolutu mailako launa multzo ariko dira.
Topagunea. Lehiaketa izaera eduki arren, kluben eta parte hartzaileen arteko “elkarretaratzea edota topagunea” izatea espero dute Xixilikoek. “Klubaren 25. urteurrena mugarri egokia da orain arte lortutakoei denboraren pisuagaz begiratzeko; lorpen horiek kirol alorrekoak izan dira, baina baita sozialak ere. Bestela esanda: ume zein gazteak bildu ditugu eta, kirol horren aterkipean, euren arteko sarea josi. Horrenbestez, torneoaren jomuga nagusietako batzuk gozatzea, gozaraztea eta ludikotasuna sustatzea izango dira”.