FemiFest: "Galdu ezin den espazioa"
Emakume* eta Transmaribibolloak elkartzeko FemiFest eguna izan zen zapatukoa, eta espazio horren garrantziaz jabetu ziren Astran bildutakoak.
Busturialdeko Emakume* eta Transmaribibolloak elkartzeko FemiFest eguna antolatu zuen Gernika-Lumoko Sare Feministak zapaturako [urriak 7], eta Astran bildutakoak espazio horren garrantziaz jabetu ziren egunean bertan: “Oso emankorra izan zen FemiFest. Momentuko sentsazioak oso positiboak izan ziren, eta bertan sortutako espazioa ezin genuela galdu esaten genuen. Espazio hori behar beharrezkoa zela ikusi genuen”.
Eskualdeko mugimendu feministetako kideek bat egin zuten Gernika-Lumon, eta elkarren artean momentu jakin batzuetan lan egiteko ideia ere jorratu zuten: “Eskualde mailan ikusi genuen zein zailtasun ditugun, nola lan egin gura dugun, eta momentu jakin batzuetan batera lan egitea erabaki genuen. Ideia batzuk atera ziren, eta datozen asteetan gauzatuko ditugu”. Horrez gain, emakumeen arteko espazio ez mistoaren garrantzia azpimarratu zuten.
Goizeko asanbladan hainbat hausnarketa egin zituzten, eta horiei buruz berbetan jarraitu zuten bazkarian. Espazio erosoa sortu zuten, eta giro hori bertsolarien egonaldira zein kontzertuetara luzatu zuten; Janire Arrizabalaga eta Izaro Bilbao aritu ziren bertsotan, eta Liher eta Kokein arduratu ziren gaua musikatzeaz.