Jendetza batu du Pirata Egunak Arratzun
23 tortilla aurkeztu zituzten Pirata Eguneko tortilla txapelketara, eta Julio Jimenez 8 tonako kamioia mugitzeko gai izan zen. Aurten berreskuratu duten palanka txapelketak ere arrakasta izan zuen.
Arratzuko Piratak Herri Kirol Taldeak Pirata Eguna ospatu du asteburuan, eta jendetza erakarri zuen Arratzuko Gorozika auzoko Santamañera. “Jende asko etorri zen, aurrekoetan baino gehiago”, diote antolatzaileek.
Barikuan, Arratzuko Piñapolak otxoteak girotu zuen iluntzea, eta Obieta aita semeek hartu zioten lekukoa.
Zapatuan, berriz, egun osoko egitaraua izan zuten arratzuarrek. Tortilla txapelketa egin zuten eguerdian, eta 23 tortilla aurkeztu zituzten. Jendetza, baina, arratsaldeko Julio Jimenezen erakustaldiak batu zuen. 8 tonako kamioia mugitzeko gai izango ote zen edo ez ikustera bertaratu ziren bizilagunak, eta erronka betetzea lortu zuen Jimenezek. “Gero, gainera, herritarrek ere kamioia mugitzeko hainbat ahalegin egin zituzten”, azaldu dute antolatzaileek.
Erronka horrez gain, aurten lehenengoz egin dute palanka jaurtiketa. Antzina, Aulestiko, Nabarnizko edota Arratzuko jaietan egiten zen, eta aurten, berreskuratzea erabaki dute Arratzuko Piratak Herri Kirol Taldekoek. Diotenez, “arrakasta” izan zuen lehiak, 50 gizonezkok eta 30 emakumezkok parte hartu zutelako. “Horrek ere ikusle asko erakarri zituen”, diote.
Gero, su artifizialak izan zituzten, eta Dr. Bariku eta Dj Piratak taldeek girotu zuten egonaldia.
Arratzuko Piratak Herri Kirol Taldekoek esan dute garrantzitsua dela horrelako egunak antolatzea, herri kirolak zabaltzeko eta taldea ezagutarazteko: “Gure eguna antolatzen hasi ginean, auzokoak bertaratuko zirela pentsatzen genuen, baina jendetza batzen da urtero. Duela urte batzuk, esaterako, Pirata Egunera etorri zen bizilagun batek taldea ezagutu zuen, eta herri kiroletan parte hartzea erabaki zuen”.