Garaipegaz hasi ditu denboraldi eta maila berria Gernika Sportingek
Elorrioren kontra 1-0 gailendu dira gernika-lumotarrak Urbietan, eta garaipenak sailkapeneko bosgarren postuan kokatu ditu. Hurrengo partidua Abantoren kontra jokatuko dute, datorren zapatuan [irailak 30].
Gernika Sporting FTk ez du bide hoberik aurkitu Lehentasunezko Mailari ekiteko: 1-0eko markagailuagaz, garaipen garrantzitsua lortu zuten iragan zapatuan [irailak 23]. Ohorezko Mailatik jaitsitako taldea eduki zuten aurrez aurre, arerio sendoa: Elorrio. Aurredenboraldi ona (berdinketa bi eta hiru garaipen) egin ondoren, urteko lehendabiziko erronka nota onagaz gainditu zuten.
Ager Aspiazu Mendiolea gernika-lumotarrak sartu zuen, 40. minutuan, partiduko gol bakarra. Lehen zatiko azkenengo bost minutuetan, baina, beste aukera argi bi eduki zituen Sportingek. Taldeko kapitainak, Mikel Jaio Zabala gernika-lumotarrak, “partidu oso txukuna” egin zutela azaldu du: “Mailako aurkaria izango zela jakin bagenekien, baina une batean ere ez genuen geure burua estuegi ikusi, bigarren zatian oldarkorrago agertu baldin baziren ere”. Hain zuzen ere, Elorriok erasora jo zuen atsedenaldiaren ondoren, eta etxeko taldeak, ostera, bere abantaila babesteko defentsa lerro zurruna atondu zuen.
Mikel Jaio Zabala: “Oso pozarren gaude ligari eman diogun hasieragaz”
Partidua poltsikoratu ostean, Lehentasunezko Mailako bosgarren postuan kokatu da Sporting. Estreinako jardunaldia izan zenez, Jaiok azaldu du sailkapeneko postu hori “apur bat irreala” dela: “Garaipena lortutako talde guztiok taulako goiko aldean gaude, baina aldeak oso murritzak dira. Partiduz partidu borrokatzen joan beharko gara, baina, momentuz, oso pozarren gaude ligari eman diogun hasieragaz”.
Elorrio bezalaxe, euren hurrengo aurkaria, Abanto, Ohorezko Mailatik jaitsi berri da
Hurrengo norgehiagoka, hain zuzen, Zierbenan jokatuko dute, Abantoren aurka. Talde hori ere Ohorezko Mailatik jaitsi berritan dago; beraz, “beste partidu gogor bat” aurreikusten dute. Datorren zapatuan [irailak 30] jokatuko dute, 17:30ean. Helburu bakarra izango dute: garaipena. “Dinamika paregabeagaz abiatu dugu denboraldia, eta lehen partiduan erakutsitako jarrerari eutsi gura diogu; hori lortuz gero, garaipenaren lehian ariko gara”.