Bide onetik hastearen garrantzia
Grupo Intxausti-Gernika Rugby Taldeak Bera Beraren kontrako garaipenagaz abiatu du Ohorezko B Maila. 13-18ko markagailuagaz gailendu dira basurdeak.
Urte garrantzitsua da Grupo Intxausti-Gernika Rugby Taldearentzat. Ohorezko Mailatik jaitsi ondoren, konfirmaziorako denboraldia izan behar da aurtengoa. Taldea Ohorezko B Mailan jokatzen arituko dira aurten basurdeak, jomuga argi bigaz: batetik, maila horretako talderik sendoenetako bat izatera heldu daitezkeela frogatzea; bestetik, maila bat gorago jokatzeko besteko boterea daukatela bistaratzea. Lehen urratsa joan den asteburuan egin zuten, Donostian, Bera Bera taldearen kontra. 13-18ko markagailuagaz nagusitu zen Urbietako taldea.
Denboraldi honetako atzerriko jokalarien fitxaketak iritsi artean, etxeko jokalariz osatutako lantaldea eroan zuen iragan domekan [irailak 24] Gernika RTk Kote Olaizola Miniestadiora. Aurrez aurre eduki zuten mailako talde historikoetako bat: Bera Bera gipuzkoarra. Errege Kopa irabazitako eta Europan lehiatzen ibilitako taldea izanda, ibilbide eta maila handiko aurkaria topatzen aurreikusten zuten gernika-lumotarrek, eta halaxe izan zen. Taldetik azaldu dutenaren arabera, partiduko lehen hogei minutuetan “gogotik sufritzea” tokatu zitzaien: “Ez genuen geure tokia aurkitu zelaigunean, eta apur bat tokiz kanpo ibili ginen”.
Minutuek aurrera egin ahala, arerioari neurria hartu zioten basurdeek, eta, lehen zatiaren amaieran, markagailuak berdintasuna besterik ez zuen bistaratu. Bigarren zatiaren hasieran urrats bat aurrera egin zuten, eta aldeak lortu zituzten. Azken minutuek, ostera, lehendabizikoen antza eduki zuten: “Erlojuari begira amaitu genuen, azken txanpa oso luzea egin zitzaigulako. Edozelan ere, harrobiko jokalariek asmatu zuten puntuak etxera ekartzen; horrek liga hanka onez hasi denaren lasaitasun puntutxoa eman digu”.
Urriaren 8an, Gesalaga Okelan Zarautz taldea hartuko dute Urbietan
Aste honetan ez dute partidurik edukiko basurdeek; hori dela eta, entrenamenduetan aurrera egiteko eta Donostian ikusitako akatsak zuzentzeko baliatuko dituzte egunok. Hurrengo astean, berriz ekingo diote ligako lehiari. Gesalaga Okelan Zarautz taldea hartuko dute, urriaren 8an, Urbietan. Partidu horri begira, lehen jardunaldiko dinamikak “are gehiago hobetzea” bilatuko dute: “Joko aldetik, igarri ditugun akatsak landuko ditugu; gainera, lantaldea azken fitxaketekin osatuta edukitzea espero dugu, partidu hori orduko talde osoagaz entrenatu ahal izateko”.