"Maila oneko" finalaurrekoen txanda da
Ajuriako 2. Pilota Goxua Txapelketa finalaurrekoetara ailegatu da: Azkarai-Bidaburu eta Latxiondo-Mugikaren artekoa izango da lehenengo partidua, eta Artxo eta Arkaitzek Gandiaga anaien aurka lehiatuko dute bigarrenean. Barikuan, 20:00etan hasiko dira aurrez aurrekoak.
Ajuriako 2. Pilota Goxua Txapelketa finalaurrekoetara ailegatu da, eta “maila oneko” bi neurketa aurreikusi dituzte barikurako. 20:00etan hasiko dituzte partiduak, eta lehenengoa izango da Azkarai-Bidaburu eta Latxiondo-Mugikaren aurkakoa. Bigarren norgehiagokan, berriz, Artxo eta Arkaitzek Gandiaga anaien aurka lehiatuko dute; Arkaitzek Castañares ordezkatuko du.
Denak ala denak irabaztera kantxaratuko direla diote antolatzaileek, eta partidu berdinduak aurreikusi dituzte: “Kristoren partiduak dira, oso politak. Maila horretan Busturialdean dauden onenak ariko dira. Denak daude txapela eroateko gogotsu”.
Finalera igarotzeko faboritoak aukeratzekotan, Gandiaga anaiak eta Azkarai-Bidaburu bikoteak aukeratuko lituzke antolatzaileak, baina partidu guztiak “lehiatuak” izango direla dio. Hala, herritarrei pilota jaialdiaz gozatzera joateko deia egin die.
Finalaurdenak.
Joan den asteburuan, Latxiondok eta Muxikak eta Gandiaga anaiek irabazi zituzten finalaurdenetako partiduak.
Latxiondok eta Muxikak Ioritz eta Perea gazteak izan zituzten aurrez aurre, eta 22-17 nagusitu ziren. “Gazteek dena eman zuten, ahalegindu ziren, baina esperientziak irabazi zuen”, adierazi dute antolatzaileek. Beste norgehaigokan, berriz, Gandiaga anaiak nagusitu ziren, Jaure eta Arkaitzen aurka, markagailuan 22 eta 13koa jarriz. “Partidu gogorra izan zen, batez ere hasieran; izan ere, hamarna eta hamaikana berdindu zuten. Gero, baina, erraz nagusitu ziren Gandiagatarrak. Ondo jokatu zuten”, nabarmendu dute.