Gildarik onenak aukeratzeko txapelketa
Gernika-Lumoko gilda tradizional onena eta gilda bereziena zein diren erabakitzeko txapelketa hasiko da bihar. Bigarren urtez, Gilda Txapelketa antolatu du Gernikako Merkatari eta Ostalarien eta Zerbitzu Enpresen Elkarteak; irailaren 22an, 23an, 24an, 29an eta 30ean, eta urriaren 1ean lehiatuko da.
Gernika-Lumoko bigarren Gilda Txapelketa antolatu du Gernika-Lumoko Merkatari eta Ostalarien eta Zerbitzu Enpresen elkarteak, eta aurten, berritasun modura, gilda txapelketak bi kategoria izango ditu; hala, gilda tradizional onena eta gilda berezi onena sarituko dira. Txapelketa bihar, etzi, 24an, 29an, 30ean eta urriaren 1ean lehiatuko da.
“Lehenengo edizioak izandako parte hartze arrakastatsuaren ondorioz, baita ostalariengandik zein herritarrengandik jasotako harrera onarengandik ere, lehiaketari bultzada bat eman gura izan diogu, hainbat berrikuntza gehituz”, azaldu du Gaizka Muniategi Gernikako Merkatari Elkartuak-eko presidenteak.
Txapelketaren helburua da udalerriko ostalaritza dinamizatzen laguntzea, “funtsezko sektorea delako tokiko merkataritza txikia bizitzeko eta turismoa sustatzeko”. Hala, lehiaketagaz parte hartzaileen sormena eta partaidetza saritu gura dituzte, eta txapelketa irekia dela adierazi dute, elkartekideek ez ezik, elkartearen parte ez direnek ere parte har dezaketelako. “Gure herriko aisialdi enogastronomikoak kalitatezko eskaintza eta onarpen ona ditu, eta lehiaketa hau pintxoak ateko ohituraren pizgarri bat gehiago da”, dio Muniategik.
Hala, hurrengo tabernek parte hartuko dute: Aretxa, Alboka, Auzokoa, Azules, Bake Eder, Basatik, Boliña Zaharra, Estanco, Hiru Saku, Hotel Boliña, Isi Bengo, Km0, La Boca, Madariaga, Musutruk, Plazakoa, Topete, Oiz Bide, Omago Txiki, Sakone eta Zallo kategegia.
Lehiaketagaz hasteko, bihar, 18:00etatik 20:00etara, trikitixa doinuez musikatuko dituzte udalerriko kaleak, eta gildaz jantzitako pertsona bat ere kalerik kale ibilko da. “Herritarrak txapelketan parte hartzera animatzeko, udalerriko denda zein tabernetako erosketa tiket bat gildaz jantzitako pertsonari erakutsiz gero, horiek txartel bat jasoko dute, gilda traduzional baten truke aldatu ahal izango dutena”, azaldu dute. Pertsona bakoitzak txartel bat baino ezin izango du aurkeztu, eta adinez nagusia izan beharko da.
Ordutegia.
Txapelketa egunetan, bezeroek ordutegi jakin batean dastatu ahal izango dituzte gildak: bihar eta etzi, 12:00etatik 15:00etara eta 18:30etik 21:00etara, eta domekan, 12:00etatik 15:00etara. Hurrengo asteburuan, ordutegi bera egongo da.
Epaimahai profesionalak urriaren 6an aukeratuko du irabazlea, Picasso kaleko Iparragirreren eskulturaren aurrean egingo den ekitaldian. Hala, gilda tradizional onenak eta berezienak egin dituzten establezimenduek txapela eta 150 euroko opari txartela jasoko dituzte, Gernikako Merkatari Elkartuak elkarteko kide diren establezimenduetan trukatzeko. Establezimendu irabazleak konprimisoa hartuko du bere eskaintzan gilda irabazlea mantentzeko zapatu eta domeketan, hilabetez.
Sari horiez gain, parte hartzen duten establezimenduetako bezeroek, gilda dastatzeaz gain, zozketa batean parte hartu ahal izango dute. tabernariek txartela emango die, eta bezeroek, gilda dastatu ondoren, txartela bete eta establezimenduak zigilatu eta kutxatila batean sartuko du. Txartel guztien artean, hiru lote zozketatuko dira: 100 euro herriko establezimenduetan gastatzeko, 5 txakolin eta gilden dastaketa, eta Bizkaiko Txakolinaren lote bat.