Garraiobide osasuntsuaren alde egingo dute Bizikleta Astean
V. Lumoko kronoigoera bertan behera geratu da aurten, jende gutxik izena eman duelako. Martxa txikian eta janari bilketa solidarioan elkartuko dira domekan.
2010az geroztik, eta 2020a salbu, urtez urte antolatu du Aixerrotape Txirrindulari Elkarteak Bizikleta Astea Gernika-Lumon. Aurten, azken urteetan legez, zapaturako eta domekarako ekintzak prestatu dituzte, eta ingurumenaren aldeko pedalkadak emateko hainbat aukera izango dituzte herritarrek.
Beste urte batez, Kotxerik Gabeko Nazioarteko Egunagaz bat egingo du txirrindulari elkarteak antolatutako asteak, eta bizikletak hartu eta kotxea alde batera uzteko deia egingo dute beste behin: “12 urte beteko dira Kotxerik Gabeko Nazioarteko Egunaren eta Europako Mugikortasunaren Astearen inguruan ekintzak antolatzen ditugunetik, eta aurten ere, bizikleta bultzatzeko eta ingurumenaren alde egiteko aprobetxatuko dugu. Mugikortasun astea da eta kotxea etxean utzi eta beste garraiobide jasangarri batzuengatik apustu egiten dugu. Bizikleta proposatzen dugu garraiobide garbi, osasuntsu eta jasangarri bezala”, adierazi dute antolatzaileek. Horregatik, kotxeaz gain badaudela bestelako aukerak erakutsiko dute asteburuan.
Lagunarteko bizikleta irteeragaz hasiko dituzte asteburuko ekintzak zapatuan. Plentziaraino joango dira, 69 kilometro inguruko bidea osatuz. Gero, hurbiltzen diren guztientzako hamaiketakoa egingo dute.
Bosgarren kronoigoerarik ez.
Zapatu arratsaldean, berriz, bosgarren Lumoko kronoigoeran batzekoak ziren txirrinduzaleak, baina aurten ez dela lehiaketarik egongo adierazi dute antolatzaileek. Izan ere, izena emateko epea atzo itxi zuten, eta jende gutxik izena eman zuenez, bertan behera uztea erabaki dute antolatzaileek. “Hamabi pertsona zeuden izena emanda, eta asko dira kronoigoera prestatzeko kontutan eduki beharrekoak. Anbulantzia bat behar da, boluntarioak behar dira… eta hori guztia hamabi pertsonentzako antolatzea asko zen. Penatuta gaude, baina erabakia hartu behar izan dugu”, azaldu dute antolatzaileek.
Elkartasunezko martxa txikia egingo dute domekan, eta ordubete inguruko iraupena izango du. Herriko kaleak zeharkatuko dituzte, eta janari bilketa egingo dute. Batutakoa Gurutze Gorriari edo Caritaseri laguntzeko bideratuko dutela aitatu dute antolatzaileek. Hori dela eta, familia bakoitzak elkartasuna adierazteko janaria eramateko aukera izango du.
Bizikleta Asteko ekintzarik jendetsuena izaten da martxa txikia, izan ere, 300 pertsona inguru batzera ailegatu dira. “200 familiatik gorak parte hartu ohi izan dute, eguraldiaren arabera. Ez dakigu domekan zenbat jende etorriko den, baina herritarrei bertaratzeko deia egin gura diegu, herriari pare bat buelta emateko”, esan dute. Zarata ateratzea da helburua, erakustea Gernikatik bizikletan ere ibil daitekeela.
Egitaraua.
Zapatua, irailak 23.
09:00. Lagunarteko errepideko bizikleta irteera: buelta Plentzia. Ondoren, lunch-a.
16:30. Gaztetxoen Lumoko Kronoigoera, Pasealekuan hasita.
18:00. V. Lagunarteko Lumoko kronoigoera, Pasealekuan hasita.
Domeka, irailak 25.
10:30. Umeentzako Gynkana Pasealekuan.
12:00. Martxa txikia Gernikatik eta janari bilketa solidarioa.