Alkarregaz gozatzeko egun handia
Andra Mari eta Santa Eufemia jaien barruan, Arrantzale Eguna dute gaur Bermeon. Jaietako egun handienetakoan gozatzen ari dira bermeotarrak.
Xixili udaletxetik begirik kendu barik eduki dute eguerdian Goiko plazan batu diren bermeotarrek. Egun handia da gaurkoa: Arrantzale Eguna.
Lagun artean zein familian, kuadrillan elkartu eta alkarregaz gozatzeko eguna da bertokoentzat, eta aurten, asteburuz izatea eskertu dute, eta zapatua zela ere igarri da. Jendetza batu da Goiko plazatik Taraskaraino egin duten kalejiran. Fanfarreek eta trikitilariek musikatuta egin dute ibilbidea, eta zelan ez, talko-hautsekin margotu dituzte bazterrak. Amaieran, bermeotarrek hain maitea duten Taraskari lore eskaintza egin diote. Iaz, plazako lanak zirela eta, lorea eman eta zapiagaz jantzi arren, bermeotarrek ezin izan zuten bertan bildu; gaur, ostera, ez dute hutsik egin, eta eguerdiko eguzki bete-beteko beroari eutsi diote kantuan eta dantzan.