Itsasoarekiko errespetua eta maitasuna
Lamera Gane Txokoak Pedro Arenal, Josu Uribarri, Jose Luis Pouso, Luis Pujana eta Bermeoko Gurutze Gorria omendu ditu Arrantzale Egunean.
Urtez urte itsasoagaz lotutako hainbat eta hainbat ogibideren garrantzia aitortu izan dute Lamera Gane Txokoko kideek Arrantzale Egunez. Aurten, ostera, “zaintzari” erreparatu diote, “bertoko arrantzaleek itsasoari dioten errespetua eta maitasuna” azpimarratu gura izan dituzte.
Tradizioa mantenduz, meza ostean Portuzarreraino kalejiran batu dira txistulariek lagunduta, eta bertan egin dute omenaldi ekitaldia. Pedro Arenal, Josu Uribarri, Jose Luis Pouso, Luis Pujana eta Bermeoko Gurutze Gorria omendu dituzte gaur eguerdian [irailak 9].
Horiei oroigarriak eman aurretik, ohiko lore eskaintza egin dute, eta Xabier Leteren doinuak eta Joseba Barrenaren berbak dituen Bermio dalako gure mundue habanera kantatu dute Josepa Kale-Kale taldeko kideek. Omenduei eskainitako agurra ere ez da falta izan, eta Ander Ormaza Elortegik adar hotsak zabaldu ditu Portuzarrean.
Omenaldia. 161eko otsailean, Mina Mary ontzia Arribolas inguruan hondoratzean erreskate lanetan aritu ziren Bermeoko arrantzaleak, eta “euren bizia arriskuan ipini zuten” horietako bi dira Arenal eta Uribarri. “Gaueko lehen orduetan Sagrada Familia eta Antolin legatz zaleak laguntza eskaintzeko itsasoratu ziren. Lehenengo begiradan ez zirudien haitzak eragin handirik sortu zionik ontziari, itsasgoragaz gehiago zulatu zen, eta txikotak apurtu, eta hondaratu egin zen”, azaldu dute Lamera Gane Txokokoek.
2002an Kantauri Itsasoa gogor astindu zuen Prestige petrolio ontziaren hondoratzeak eragindako kalteei aurre egiten bermeotarrek egindako lana ere aitortu dute gaur. Nabarmendu dutenez, “herriko arrantzale guztiek parte hartu zuten”, eta egin zuten lan guztiaren izenean jaso du aipamena Pousok. “Hemen gauden askok gogoratzen dugu hondamendi hori. Gure arrantzaleak, flotaren ardura eduki zutenak, Eusko Jaurlaritzak ipinitako protokoloagaz batera adostasun batera heldu ziren petrolioa batzeko, salabardo bidez”. Zehaztu dutenaren arabera, itsasontzi espezializatuekin eta arraste-ontziekin batzen zutena “baino gehiago batu zuten salabardoekin”, eta adibide bat eman dute: “Lan egun batean 1.200 tona deskargatu zituzten, horietatik 700 tona euskaldunek eta 500 tona kantabriarrek. Orduan ere, gure arrantzaleek profesionaltasunez eta eraginkortasunez lortu zuten gure kostaldea garbitzea”.
Bestalde, Bermeoko Gurutze Gorriak sorreratik egindako ibilbidea eta ekarpena goraipatu dute, eta egiten duten lana eskertu diete. 1975-1976an hasi zen herriko boluntario talde bat lanean, eta 1982ko urtarrilean kokatu ziren egun dauden lekuan. “Gaur egun, 50 lagun aktibo dauzka; itsasoko erreskateak egiten dituzte, baita prebentzio lanak, jaietan eta ekintzetan, adibidez. Gizarte gaietan laguntza ematen dute. Egunaren 24 orduetan daude lanean txandaka. Herrirako eta gizarterako egiten duten giza-lana eskertu eta zoriondu gura diegu”.