Jokin Mirallesen artea, abuztura arte ikusgai
Jokin Miralles artista zarauztarraren 30 obraz osaturiko erakusketa dago Ibarrangeluko Kultur Etxean. Euskal Herriko kostaldeko hainbat txoko margotu ditu.
Argazkia: Ibarrangeluko Udala. Jokin Miralles margolari zarauztarraren obraz osatutako arte erakusketa dago ikusgai, abuztuaren 14ra bitartean, Ibarrangeluko Kultur Etxean. Hogeita hamar lanez osatuta dago, denak ala denak langai amankomun batean ardaztuta: Euskal Herriko hainbat tokitako itsasertza.

Argazkia: Ibarrangeluko Udala.
Mirallesek aditzera eman duenaren arabera, “ohorea” da Ibarrangelun bere lana erakustea. “Aspalditik” ezagutzen duen herria izanda, “lagun pila bat” dituela eta artea ikusarazteko plaza guztiz egokia” dela argitu du: “Ibarrangelutarrek beti besoak zabalik hartu izan naute; bertako hainbat herritarrekin erlazio paregabea daukat, eta iruditzen zait kriterio handia dutela artea baloratzeko orduan”.
Jokin Mirallesek Ibarrangeluko eliza, udaletxea eta plaza erakusten dituen lana dohaitzan emango dio udalari
Mirallesek, Lagako hondartza, Gernika-Lumoko kaleak, Mundakako Santa Katalina edota Ibarrangeluko herrigunea bera ere erakutsi ditu bere artelan sortan: “Ibarrangeluko San Andres eliza, herriko plaza eta udaletxea bistaratzen dituen lana, gainera, eurei eman diet, bertan ageri dena, behin erakusketa amaituta, han geratu dadin. Hori eta askoz gehiago merezi dute ibarrangelutarrek”. Donazio horrek, bestalde, badu beste berezitasun bat ere: ohiko markoaren ordez, portuetan itsasontziak amarratzeko erabili ohi den txikot motagaz marko “partikular bat” sortu du. Era guztietako teknikak baliatu ditu Zarauzko egileak, eta hainbat dimentsiotako obrak ondu. “Euskal kostaldea, zerbait izatekotan, ingurune oparoa eta aberatsa da; horrenbestez, era askotako lanak egin ditut”.
Jokin Miralles: “”Dagoeneko erretiroa hartuta nagoen arren, benetan eskertzen dut noizean behin tankera horretako erakusketetan parte hartzen jarraitzeko aukera edukitzea”
Bizitza osoa arteari emanda. 80 urte ditu Mirallesek, eta bizitza osoa “artearen inguruan” eraiki du. “Dagoeneko erretiroa hartuta nagoen arren, benetan eskertzen dut noizean behin tankera horretako erakusketetan parte hartzen jarraitzeko aukera edukitzea; zalantza barik, Ibarrangelu beti arteari zabalik egon den agertokia da”. Erakusketa antolatutako udaleko ordezkariek “bere balio handia” eta Mirallesek arteari egindako “ekarpena” nabarmendu dute.