Oporretan joan aurretik odola ematera deitu dituzte herritarrak
Euskadiko Odol Emaileen Elkarteak jarritako erronkagaz bat egin dute Gernika-Lumoko Odolkideek, eta herritarrei oporretara joan aurretik odola ematera joateko deia egin diete.
15 egunetan 5.000 odol emate lortzeko erronka jarri du Euskadiko Odol Emaileen Elkarteak. Izan ere, udan, odol bankuetako erreserbak “gutxitu” egiten dira, eta horiek autosufizienteak izatea bilatu gura dute.
Erronkagaz bat egin dute Genrika-Lumoko Odolkideek, eta adierazi dute erronkaren helburua dela herritarrak oporretara joan aurretik odola ematera bultzatzea: “Ahal den nerrian, abuztuko odol emateak aurreratzea da asmoa, herritarrei oporretan joan aurretik odola ematera joateko deia egitea”. Horrela, udan egoten den beherakada “horren nabarmena ez izatea” bilatu gura dute.
Izan ere, ospitaleetan odol erreserben beharrizana dute, zenbait zerbitzutarako: ebakuntzak, tratamendu onkologikoak, gaixotasunak, makaltasunak eta beste asko. “Horiek guztiak egin behar dira, eta beharrizana dago. Autosufizienteak izateko, 400 donazio behar dira”.
Horiek horrela, eskualdeko herritarrei odola ematera joateko deia egin diete Odolkideek. Astelehenean [uztailak 10], Gernika-Lumoko Foruen plazan egongo da odola emateko autobusa, 09:15etik 14:00etara eta 16:30etik 21:00etara bitartean, eta uztailaren 17an, berriz, Bermeon: Lameran, 09:30etik 13:45era eta 16:30etik 20:45era bitarteko ordutegian jarri dute hitzordua.
Odolkideek jakinarazi dutenez, aurtengo orain arteko datuetan ikus daiteke Gernika-Lumoko odol emateek %10eko jaitsiera izan dutela beste urte batzuekin alderatuz.
Euskadiko odol Emaileen Elkarteak odola emateko 15 arrazoi eskainiko ditu 15 egunetan, eta dagoeneko kaleratu dute seigarren arrazoia: eman odola behar duenarentzat, eta bihar, zuk behar duzunean, beste batek emango du. Dagoeneko gainditu dituzte 1.000 odol emateak.