Sara Madera fitxatu du Lointek Gernika Bizkaiak, "barneko jokoa orekatzeko"
Urrutiko jaurtiketa da Maderaren ezaugarririk "garrantzitsuena", baina "abantaila lortzen duenean" zonaldean jokatzeko gai dela azpimarratu du Mario Lopez entrenatzaileak.
Sara Madera fitxatu du Lointek Gernika Bizkaiak, “taldearen barne jokoa indartzeko”. Reyer Venezia taldean aritu da azken bi denboraldietan, eta iaz, bataz beste 5,9 puntu eta 3,6 errebote lortu zituen Italiako Serie An. Lehendabiziz jokatuko du bere herrialdetik kanpoko talde batekin, baina Maderak badaki zer den Malosten jokatzea, iaz Eurocup Women txapelketan bisitari modura aritu baitzen bertan; txapelketa horretan, 5,3 puntu eta 2,4 errebote eskuratu zituen, bataz beste.
Kantxaren barrualdean zein kanpoaldean joka dezake italiarrak, eta gaitasun hori da Mario Lopezek Maderaren jokatzeko eratik azpimarratu duena: “Uztai azpiko jokalaria da, eta gaztea izan arren, esperientzia dauka; izan ere, Italiako selekzioko erreferenteetako bat izan da harrobiko taldeetan”. Urrutiko jaurtiketa da Maderaren ezaugarririk “garrantzitsuena”, batez ere hiruko marrakoa. “Horrek kantxa zabaltzeko gaitasuna emango dio taldeari”, onartu du Lopezek, baina “abantaila lortzen duenean” zonaldean ere jokatzeko gai dela azpimarratu du. “Jokalari irabazlea da, izaera handikoa, eta gaitasun fisiko handiegirik izan barik, dena ematen du. Orain arteko bi pibotak baino ezaugarri desberdinak ditu, eta haiekin ondo moldatu daiteke. Gainera, gure barneko jokoa orekatu du”.
Maderak adierazi du Malosten jokatu izana “garrantzitsua” izan dela talde gernikarrera etortzeko erabakia hartzerakoan: “Reyer Veneziarekin etorri nintzenean, giroak asko harritu ninduen. Emakumezkoen Endesa Liga txapelketarik onenetarikoa da, eta Lointek Gernikak guztiagatik lehiatu gura du ligan zein Europan”.