"Guggenheimen kontra antolatzeko" asanblada irekia deitu du Egurre Gazte Asanbladak
Uztailaren 11n [martitzena], 19:00etan Pasealekuan batzeko hitzordua jarri du Gernika-Lumoko Egurre Gazte Asanbladak. Guggenheim proiektuak eskualdeko gazteen egunerokotasunean eragingo duela uste dute, "gazteen emantzipaziorako aukerak murriztuz".
Urdaibaiko Guggenheim proiektuak eskualdeko gazte langileengan izango duen eraginaz arduratuta, “Guggenheimen kontra” egiteko asanblada irekirako deia egin du Egurre Gazte Asanbladak; martitzenean [uztailak 11], 19:00etan, Pasealekuan jarri dute hitzordua. “Beharrezkoa ikusten dugu gazteok antolatzea”.
Gazte asanbladakoek uste dute Guggenheim proiektuak “ezinbestean eragingo” duela eskualdeko gazteen egunerokotasunean. Izan ere, proiektuak bertokoen “bizitzaren garestitzea” ekarriko duela diote: “Busturialdeko etxebizitzen alokairuen prezioak gora egingo dute, tabernetako prezioak ere era berean igoko dira, eta gure aisialdirako aukerak erabat mugatuta egongo dira”.
Guggenheim proiektuak erakarriko dituen bisitariez ere ez dira ahaztu. “Turista kopurua igo egingo da, eta horregaz batera turistentzako zabalduko diren hotel, apartamentu edo ostatu hartzeko lekuak”, adierazi dute, eta horiek gazteen emantzipaziorako aukerak “murriztuko” dituztela gehitu dute.
Ingurumenean izango duen eragina ere azpimarratu dute: “Muruetako eraikuntzak Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren suntsipena ekarriko du, eta, ondorioz, bertako landare eta animalia guztiak arriskuan jarriko dira”.
Guzti horren aurrean, proeiktuak “eskualdeko ekonomia hobetuko” duela diote proiektuaren bultzatzaileek, baina norena den hobetuko dena galdetu dute gazte asanbladakoek. “Proiektu honetatik etekina aterako duten bakarrak boteredunak, enpresari handiak izango dira. Bitartean, gazteok gero eta baldintza txarragoak onartzera behartuta egongo gara”, azaldu dute. Eta proiektuak sortuko dituen lanpostuak “guztiz prekarioak” izango direla aurreikusi dute: “Argi daukagu sortuko duen lana guztiz prekarioa izango dela. Estaerako, zabalduko diren hotel berrietako gelak garbitzea, jatorduak zerbitzatzea… Denbora baterako eta kontratu bariko lan prekario horiek egin beharko dira soldata miserableen truke”.