Lur gaineko 600 kilokoa Muruetan erabakiko da
Gizonezkoen 600 kiloko finalaz gain, emakumezkoen 500 kiloko kanporaketa ere lehiatuko dute.
Datorren domekan [uztailak 2] lur gaineko 600 kilogramoko sokatira txapelketako finala lehiatuko dute Muruetan. 12:00etan, sokatira talderik puntakoenak Larrabe auzoan elkartuko dira. Txapelketako lehen bi jardunaldiak joan den zapatuan [maiatzak 24] lehiatu zituzten, Leioan. Egutegi kontuak zirela eta, egun bakarrean jardunaldi bi egin behar izan zituzten, eta Gaztedi A taldea izan zen nagusi. Ondoren sailkatu ziren, hurrenez hurren, Goiherri, Akelarre, Mutriku Sokatira Taldea eta Gaztedi B.
Muruetako hitzordurako ere, Gaztedi A izango da hautagairik azpimarragarriena. Izan ere, azken denboraldiotan maila oso handian aritu baldin badira, aurten are sendoago daude. Talde horri aurpegia erakutsi beharko lioke, ondobidean, Goiherrik. Mutriko STren eta Akelarreren artean ere lehia gogorra egotea aurreikusten da. Gazte B, ostera, maila bat beherago dago.
Emakumezkoei plaza bat. Gizonezkoen 600 kiloko finala lehiatuko duten arren, ez da Muruetan egongo den tiraketa bakarra izango. Izan ere, emakumezkoen 500 kiloko lur gaineko lehen kanporaketa ere egongo da. Leioan, iragan asteburuan, talde mistoetan lehiatu zuten zenbait emakumek eta maila handia erakutsi zuten. Muruetan, baina, euren kabuz lehiatzeko aukera edukiko dute.