Auditorioko kontzertuez gozatzeko aukera
Martxan da 'Arbolapean' kultur ekimena, eta uztailaren 27ra bitartean, eguenero, zuzeneko musikak hartuko du Seber Altube Auditorioa. SOMEko Konboek musikatu zuten iluntzea atzo, eta Toothekoen txanda izango da datorren astean.
Kultura eta arte eszenikoak herritarrengana gerturatzeko asmoz, Arbolapean kultur programa abiatu zuen iaz Gernika-Lumoko Kultur Etxeak, eta musika kalera ateratzea erabaki du aurten ere. Hala, uztailaren 27ra bitartean, eguenero, zuzeneko musikak hartuko du Seber Altube Auditorioa. Atzo hasi zuten ekimena, eta Segundo Olaeta Musika Eskolako Konboak arduratu ziren kontzertu zikloari hasiera emateaz.
Datorren astean Tooth hirukotearen txanda izango da, eta, uztailaren 6an, Beraz taldekoak igoko dira oholtzara. Suederrekoek hartuko diete lekukoa uztailaren 13an, eta Agur taldekoak ariko dira hurrengo eguenean. Kontzertu zikloa Ziraun taldeak agurtuko du uztailaren 27ko azken kontzertuan.
Kultura herritarrengana gerturatzeko asmoz abiatu zuten Arbolapean proiektua kultur etxeko ordezkariek. Iparragirreren Gernikako Arbolaren gerizpean garatuko den kultur egitarau modura aurkeztu zuten ekimena, hainbat urtetan udalerrian egiten ziren Udako Musika Jardunaldiak oinarri hartuta, eta apustu horregaz jarraitzen dute aurten ere. Izan ere, uste dute kultura bizitzeko ohiturak aldatu egin direla, eta “kaleek eta espazio zabalek” presentzia “handiagoa” hartu dutela. Ondorioz, kalerako denetariko kultur jarduerak antolatzea da kultur etxearen erronka.
Segundo Olaeta Musika Eskolako ikasle eta irakasleen lana balioan jartzea ere bada asmoa, baita Gernika-Lumoko sortzaileen lanari zabalkundea ematea eta euskara eta euskal kultura sustatzea ere.