Zaldizko onenak elkartuko ditu Ereñoko XV. Raidak
Hiru distantziatako lasterketak egingo dituzte: 40, 60 eta 80 kilometrokoak. 40 kilometrokoa Bizkaiko Txapelketa izango da. Parte hartze ona egotea espero dute.
Domekan, XV. Zaldi Raida egingo dute Ereñon. Euskal Herriko zaldizko bizkorrenek 09:00etan edukiko dute hitzordua, Gabika auzoan. Bertan hasi eta burutuko dituzte hiru distantziatako erresistentzia probak. Hain zuzen ere, 80, 60 eta 40 kilometroko kategoriak egongo dira; azken hori, gainera, Bizkaiko Txapelketarako baliagarria izango da. Ereñozar Endurance taldeko antolatzaileen azaldu dutenez, raidaren XV. aldiaren aurreikuspena “ona” da: “Izena emateko epea oraindik zabalik dago, baina, gutxi gorabehera, 40-50 lagun elkartzea espero dugu; normalean, Ereñon parte hartzaile kopuru polita egon ohi da”.
Zaldi eta zaldizkoek erresistentzia proba bat edukiko dute aurretik; garailea hiru distantzietako bakoitza egiteko denborarik gutxien behar duena eta zaldiaren parametroak egokien betetzen dituena izango dela argitu dute: “Ibilbide bakoitza hasi orduko, zaldiaren balore biologikoen azterketa egiten da eta azterketa hori bidean egiten diren geldialdietan berrikusi egiten da; azterketa horien jomuga zaldiaren osasuna bermatzea da. Bizkorren helmugaratzeaz gain, parametro horiek ondo betetzea nahitaezkoa da, irabazteko”.
Kategoria bakoitzeko eta Bizkaiko Txapelketako garaileez gain, antolakutza lantaldeak emakumezkoei beren-beregi zuzendutako sailkapena atondu gura izan du; Ladies Cup deituko da. “Distantzia bakoitzeko lehendabiziko emakumezkoak saria jasoko du”. Hipika, hain zuzen, genero aldetik “oso parekatuta” daogen kirol alorra dela adierazi dute: “Gainontzeko kirol gehientsuenetan ez bezala, zaldi lasterketetan ia emakumezko gehiago egon ohi da gizonezkoak baino. Alde horretatik, diskriminazioa gutxienekoa da”.
Garaikurrak eta dominak jasotzeaz gain, zaldientzako produktu sortak eta txalmak ere jasoko dituzte. Bestalde, aurreratu dute ibilbideen zati gehienak Ereño eta Nabarniz arteko IE-042 zaldi ibiblide homologatuan barrena egingo dituztela. “Ibilbideak inguru paregabeetatik pasatuko dira, eta zaldiz ibiltzeko ederto egokituta daude”.