Marta Alberdik etxean jokatzen jarraituko du
Eskolta gernika-lumotarrak Lointek Gernika Bizkaia taldeagaz zeukan hitzarmena berritu du, eta, beraz, Malosten segituko du hurrengo denboraldian.
Marta Alberdi jokalari gernika-lumotarrak bere profesional ibilbideko laugarren denboraldia egingo du Lointek Gernika Bizkaiako lehen taldean. Klubeko harrobitik irtendako jokalaria, horrenbestez, etorkizuneko jokalari gaztetxoenen “ispilua” izango da, beste urte batez. Eskolta ebakuntza gelatik pasatu behar izan da aurten, sorbaldan min hartu baitzuen. Hainbat hilabetetako berreskurapen prozesuaren ostean, denboraldiko azkenengo norgehiagoketetan zenbait minutu eman zizkion Anna Montañana entrenatzaile valentziarrak.
Edozelan ere, udan lan gogorrak ez du etenik izango Alberdirentzat, gimnasioa izango baitu habitat: “Sorbalda oso ondo daukat, baina lanean jarraitu beharra dut. Sentsazio onekin amaitu dut azken denboraldia; niretzat benetan garrantzitsua izan da hori, batez ere, partiduak jokatzeko aukera eduki dudalako”. Behin sorbaldako lesioa ahaztuta, berriro ere bere mailarik onena eman nahi du gernika-lumotar gazteak, etxeko taldeari ahalik eta gehien laguntzeko: “Hilabete asko kanpoan egon izanak saskibaloia beste modu batera ikusten lagundu dit. Orain hobetzen jarraitu nahi dut; beti gogotsu agertu izan ohi den jokalaria naiz”. Alberdiren hitzarmen berritzeagaz, Lointek Gernika Bizkaiak zazpi jokalari ditu dagoeneko 2023/2024 denboraldirako: Laia Flores eta Itziar Ariztimuño antolatzaileak, Roso Buch, Angie Bjorklund hegalekoa, Sofia Da Silva eta Maya Dodson pibotak.
Marta Alberdi: “Azken denboraldian lasaiago egoten eta gauzak beste ikuspuntu batetik aztertzen ikasi dut”
Balioaniztasuna, ikur legez. Gernika-lumotarrak adierazi duenez, taldeari zentzu guztietan “ahalik eta gehien” ematen saiatuko dela: “Azken denboraldian lasaiago egoten eta gauzak beste ikuspuntu batetik aztertzen ikasi dut, eta esango nuke eskarmentu hori oso baliagarria izango zaidala hurrengo denboraldian”. Korrika egitea “oso gustuko” duen jokalaria da Alberdi, eta taldearen “mugikortasuna eta abiadura” hauspotu ahalko ditu; horrez gain, defentsa lanetan sendotasuna lortzeko ere gako izan daiteke. Beraz, joko aldetik balioaniztasun handiko jokalaria da.