Busturialdea AE, etxeko estropada bien atarian "gogotsu"
Elantxobek eta Mundakak KAE1eko estropadak hartuko dituzte, asteburuan. Busturialdea Arraun Elkarteko kideak etxeko uretan iragan asteburuan baino "maila bat gorago" azaltzeko "prest" daude.
Abian da KAE1eko arraun denboraldia. Hain zuzen ere, Elantxobek eta Mundakak, hurrenez hurren, txapelketako bigarren asteburuko estropadak hartuko dituzte datorren asteburuan. Etzi [ekainak 24], Elantxobek 35. Traineru Estropada hartuko du. Mundakan, ostera, XX. Onura homes Ikurrina lehiatuko dute domekan [ekainak 25]. Biak ala biak 12:00etan hasiko dira, eta arraunlariek 5.556 metro egin beharko dituzte, lau luzetan banatuta. Etxeko estropadak izango dira Busturialdea Arraun Elkarteko kideentzat. Kluba, izan ere, Mundakako eta Elantxobeko arraun taldeek osatuta dago. Elkartetik adierazi dutenez, “ilusioagaz eta motibatuta” ekingo diete bi probei, “etxean lehiatzeak dituen abantaila txikiekin”.
Elantxobe Arraun Elkartetik azaldu dute lehenbailehen “arrisku gunetik ateratzea” izango dela Busturialdearen jomuga nagusia: “Lehen asteburuan ez genuen geure benetako maila erakutsi; orain, KAE1 mailako taldea garela etxean bertan frogatzea dagokigu”. Hain zuzen, Donibane Lohizunen eta Pasai San Pedron hasi zuten KAE1eko denboraldia. Zapatuan, Lapurdiko uretan, San Juan gailendu zen, 20.57,45eko denboragaz; Busturialdeak, ostera, sailkapena zarratu zuen, 22.06,56koagaz. “Gauzak ez zitzaizkigun ondo atera, baina biharamunean apur bat hobeto aritu ginen”, azaldu dute.
Domekan, Sanpedrotarrak etxean irabazi zuen, 20.39,96ko denbora bikaina eginda; busturialdetarrak, beren aldetik, 11. postuan amaitu zuten estropada, 21.50,76koagaz. Proba horretan, sentsazio aldetik “hobeto” moldatu zirela adierazi arren, datozen probetan “adi” mantendu behar dutela azaldu zuten: “Aldaketak egon daitezke, baina badakigu zeintzuk diren zuzeneko aurkariak: Castro, Deustu edo Camargo”.
San Juan, San Pedro, Zumaia, Arkote eta Lapurdi dira kategoriako hautagai nagusiak
“Gora begira” dauden taldeen artean, San Juan, San Pedro, Zumaia, Arkote eta Lapurdi nabarmendu dituzte: “Oso zabalik dago borroka hori, eta jendea lehiatik kanpo geratzen joango da; akats gutxien egiten dituen taldeak lortuko du goreneko mailarako txartela”. Domekako estropadari dagokionez, Mundaka Arraun Taldetik “gogotsu” agertu dira Mundakako hitzordua “zenbait urteren ostean” berreskuratzeagatik. Estropada biak eta bereziki Mundakakoa itsasoan izatea Busturialdearentzat “komenigarria” izango dela azpimarratu dute: “Neguan zehar, itsasoan entrenatzen dugu eta, horrenbestez, bikain ezagutzen dugu estropada eremua. Zelan edo halan, emaitza polita lortzen saiatu beharko gara”.