Lagun arteko giroa eta kirola uztartuko ditu Laga Loggin txapelketak
Laga Loggin surf txapelketa egingo dute datorren zapatuan [ekainak 17], egun osoko egitarauagaz, Ibarrangeluko Laga hondartzan.
Surfa eta aisialdia uztartzea helmuga nagusi duen lehiaketak inguruko surflaririk puntakoenak elkartuko ditu. Egun osoko egitaraua egongo da, eta txanda bitan banatuko dute txapelketa, finalak orduko. Antolatzaileek azaldu dutenaren arabera, parte hartzaileak 08:30ean batuko dira Ibarrangeluko Laga hondartzan. Behin guztiak elkartuta, txanda bi egingo dituzte: “Ordu erdi inguruz lehiatuko dute goizez, eta beste horrenbestez arratsaldez”. Txanda bi horien ostean, finalak jokatuko dituzte.
Hiru final egongo direla aurreratu dute: “Batetik, beren-beregi emakumezkoei bideratutakoa egongo da, emakumezko parte hartzaileek bereizita lehiatu gura dutela erabakiz gero; bestetik, surf estilo ezberdinen araberakoak lehiatuko dituzte. Batetik, estilo progresiboa edo lehiakorragoa dago; bestetik, aldiz, kutsu klasikoagoa duena”.
Garaileek, “ohiko sariez gain”, garaikurrak eta txapelak edukiko dituzte: “Normalean, inguruko tabernetan trago erronda bat eta afaria ordaindu izan ditugu saritzat, baina aurten garaikur eta txapelak ere edukiko dituzte irabazleek; gainera, gauean Ibarrangeluko jaietara joango gara partaide guztiok. Tokiko negozioak eta kultura bultzatzea ere txapelketa honen helburu dira”. Parte hartzeari dagokionez, eskualdeko eta inguruko herrietako surflariak nabarmenduko direla azaldu dute: “Aurtengo lehiaketari eta parte hartzaileei presioa kendu diegu; jomugarik esanguratsuena kirolaz eta itsasoaz gozatzea izango da. Edozelan ere, aitortu behar da aurtengo partaidetza maila handikoa izango dela; besteren artean, brasildar surflari bat edukiko dugu geure artean”.
Ibilbide azpimarragarria. Laga Logginek Laga Longboard Meet izenagaz hasi zuen bere ibilbidea, 2012an. Lau urteko etenaldiaren ondoren, 2016an hasi ziren egungo izena erabiltzen. Hasieran, longboard-a gainontzeko modalitateen pare ipintzea izan zen helburua, baina gerora beste jomuga bat lortu izan du txapelketak: lagun talde bat biltzea. 2020an, ezin izan zuten Laga Loggin egin, baina 2021az geroztik, eten barik egin dute.