Emakume langileen erronka politikoak aztertuko ditu Itaiak Gernika-Lumon
Itaiak urteko jardunaldi nazionala egingo du aurten, Gernika-Lumon, eta zapaturako lau hitzaldi prestatu ditu. Besteren artean, aztergai izango ditu gobernuen politika feministak, emakume langileen erronka politiko nagusiak eta matxismoa.
Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialistak bere urteko jardunaldi nazionala antolatu du zapaturako, Gernika-Lumon. Itaiako kideek azaldu dutenez, “emakumeen auziaz” eta horri aurre egiteko proposamen politikoez eztabaidatu eta hausnartuko dute. Horretarako, denetariko gaiak landuko dituzte zenbait mahai inguru eta hitzalditan. “Emakume langileok ditugun erronken eta proposamen politikoei buruz hausnartzeko elkargunea izango da Gernikako jardunaldia”, esan dute.
Aurreko urteetan beste herri batzuetan egin egin modura, egun osorako egitaraua prestatu dute. Lau hitzaldi eskainiko dituzte, hiru goizean eta bat arratsaldean.
10:30ean, Emakume langileon proletarizazio prozesuaren nondik norakoak hitzaldia eskainko dute Elai Alai aretoan, eta, bertan, “atzera bueltarik bariko proletarizazioa” joera sozial modura aztertzeaz gain, horrek emakume langileei zelan eragiten dien landuko dute. Ostean, Jai Alaira joango dira, eta askotariko gobernuek eta erakundeek ezarritako politika feministak aztertuko dituzte Gobernu politika feministak izeneko hitzaldian.
12:30ean, leku berean, emakume langileek dituzten lan, zeregin eta lehentasun politikoei buruz ariko dira, eta erronka nagusiei buruz ere berba egingo dute. Gainera, proposamen politikoak ere aurkeztuko dituzte.
Bazkaltzeko tartea harte eta gero, mahai inguruan elkartuko dira: Matxismoaren aurpegi berriak. Indarkeria matxistak gaur egun dituen adierazpenez, formez edota euskarriez berba egingo dute.
20:00etan, ekitaldi politikoa egingo dute Pasealekuan, eta jarraian, zenbait musika emanaldi egongo dira: Lumi eta Eire ariko dira lehenngo, eta Nahianovo & Yakintza, gero.
Egitaraua.
- 10:00. Harrera udaletxe aurrean.
- 10:30. ‘Emakume langileon proletarizazio prozesuaren nondik norakoak’ hitzaldia, Elai Alai aretoan.
- Gero. ‘Gobernu politika feministak’ hitzaldia, Jai Alain.
- 12:30. ‘Emakume langileok ditugun erronkak eta proposamen politikoak’ hitzaldia, Jai Alain.
- 16:30. ‘Matxismoaren aurpegi berriak’ hitzaldia, Jai Alain.
- 20:00. Ekitaldi politikoa Pasealekuan.
- 20:30. Kontzertuak Pasealekuan: Lumi, Eire eta Nahianovo & Yakintza.