Angie Bjorklund bueltan da
Malosten lehiatuko du berriro Angie Bjorklund hegaleko jokalariak. Mario Lopez entrenatzaileak estatubatuarrak kantxan zabal jokatzeko duen gaitasuna nabarmendu du.
Urtebete bizkarreko minagatik lehiatu barik egon eta gero, Angie Bjorklund Lointek Gernika Bizkara itzuliko da datorren denboraldian. “Bizkarreko minak atzean utzita, goi mailako saskibalora itzuli gura izan du, Malosten”, esan dute Lointek Gernika Bizkaiakoek. Gainera, “modu berezian” itzuliko dela diote, izan ere, ez da jokalari estatubatuar modura itzuliko, Espainiako Nortasun Agiria lortu duelako. Ondorioz, ez du Emakumezkoen Endesa Ligan atzerritar modura jokatuko, baina ezingo du Eurocup Women lehiatu. Lehiara bueltatzeko “gogotsu” dago, eta fisikoki prest: “Espero dut lepoko minik ez izatea eta erasoan erreferenteetako bat izatea”.
Datuek erakusten dute hamar puntuko bataz bestekoa gainditzen duela partiduro. Izan ere, jokatu zuen azken denboraldian 11,8 puntu, 2,4 errebote eta 1,9 asistentzia lortu zituen bataz beste, %43ko bataz besteko datuagaz hirukoetan. Hiruko jaurtiketa “betitik” izan da bere ezaugarririk esanguratsuena: Tenneseko Unibertsitateko errekorra du. “2011n WNBAko Drafteko 17. postuan aukeratu zuen Chicago Skyk. Europan, Israelen, Frantzian eta Italian jokatu zuen Gernikara heldu aurretik”, gogoratu dute talde gernikarrekoek.
Mario Lopez entrenatzaileak “taldeko jokalaria” dela nabarmendu du
Estatubatuarra “oso pozik” dago itzulera Malosten izateagatik; izan ere, saskibaloi profesionala alde batera utzi arren, talde gernikarrean lanean aritu da. Adin guztietako umeak entrenatu ditu Gernika KESBek antolatutako teknifikazioetan. “Gernikar gazteak entrenatzeak saskibaloira jokatzeko ilusioa eta gogoa eman dit. Gainera, urtebete lehiatu barik egotea fisikoki oso ona izan da, eta inoiz baino hobeto nago”, dio hegaleko jokalariak.
Mario Lopez entrenatzaileak ere Bjorklunden gogoa nabarmendu du. “Ondo baino hobeto dakigu Bjorklundek zer eman ahal digun”. Gainera, esan du jokalariak badakiela zelan egiten duten lan klubean, eta taldearen jokamoldea ezagutzen duela. “Taldeko jokalaria da, aldagelakoa, eta hori oso garrantzitsua da. Erasoan, trantsizio azkarretan saskiratu dezake urrutiko jaurtiketetan edota zeharkako blokeoen ostean; hau da etengabeko mehatxua da aurkarientzat, beti egon behar behar dira adi”, zehaztu du entrenatzaileak. Kantxan zabal jokatzeko gaitasuna du hegaleko jokalariak, pibotentzat espazioak sortzekoa. Defentsan, azken denboraldian “lan ikaragarria” egiten amaitu zuen.
Lointek Gernika Bizkaiak sei jokalari ditu dagoeneko datorren denboraldirako: Itziar Ariztimuño eta Laia Flores antolatzaileak, Roso Buch eta Angie Bjorklund eta Sofia Da Silva eta Maya Dodson pibotak.