Preso, iheslari eta deportatuen etxeratzea eskatuko du Sare Gernika-Lumok, barikuan
Barikuan [ekainak 16], 19:30ean, Sare Gernika-Lumok Merkuriotik hasita egingo duen manifestazioan parte hartzeko deia egin diete herritarrei.
Preso, iheslari eta deportatu guztien etxeratzea helburu duen prozesu sozial berria abiatu du Sarek aurten. Eta, hori lortzeko, herritar guztien inplikazioa “beharrezkoa” dela uste du Sare Gernika-Lumok. Hala, barikuan [ekainak 16], 19:30ean, Merkuriotik hasita egingo duten manifestazioan parte hartzeko deia egin diete herritarrei.
Aurreko Ispilue proiektuak dispertsioa eta urrunketa amaitzearen alde gehiengo soziala aktibatzea zuen xede, eta, egungo errealitateari erreparatuta, oraingoak, presoen, iheslarien eta deportatuen etxeratzean udalerriko gehiengo soziala aktibatzea du helburu; izan ere, dispertsioaren mapa atzean utzi dute, eta preso eta iheslari kopurua gutxitu egin da: 156 euskal preso, 20 iheslari eta 5 deportatu daude aurten, eta udalerriko zein ingurukoen kasuan, 3 pertsonak jarraitzen dute preso. “Euskal preso, iheslari eta deportatu guztien erabateko etxeratzean Gernika-Lumoko gehiengo soziala posizionatzea du helburu Sare Gernika-Lumok abiatu duen prosezu sozial berriak”.
Horretarako, Sare Gernika-Lumok dinamika sozial “iraunkorra” aurkeztuko du, bai modu bateratuan lantzeko, bai norbanako edo kolektibo gisa lantzeko. Herritarren “ekarpen aktiboa” sustatu gura du, eta horretarako, ikasturte bakoitzerako plangintzak plazaratuko dituzte, tarteko helburuak betetzen joateko, eta “metatzen eta areagotzen” doan bidea gauzatzeko.
Bide horretan, bost printzipiotan oinarrituko da euren lana, eta ardatz horien gainean, lanketa sozial, politiko, instituzional eta kulturala sustatuko dute. Hain zuzen ere, salbuespen neurri guztiak amaitzeko lan egingo dute, baita bide judizialean presoek oztopoak ez jasotzeko ere. Gainera, euskal preso, iheslari eta deportatu guztien etxeratzea helburu duten dinamikak egingo dituzte, konponbidea eta elkarbizitza ardatz hartuta. Eta gatazkaren eta giza eskubideen urraketaren kontakizun inklusiboaren alde ere egingo dute.