Mundakako Alkate Mallonako parterra kentzeko eta ezkiak mozteko lanak geldiarazi dituzte
"Azken egunotan jasotako presioen" ondorioz hartu du erabakia Mundakako Udaleko jarduneko Gobernu Taldeak.
Mundakako Udaleko jarduneko Gobernu Taldeak Alkate Mallona kaleko parterra kentzeko eta alboko ezkiak mozteko lanak atzeratzea erabaki du. Egunotan jasotako “talde anonimoen deien presioaren” eta sortutako giro “nahasiaren” ondorioz hartu dute erabakia. Esan dutenez, dei horietan ohartarazi diete protesta egiteko arboletan kateatzeko prest zeudela: “Jarduneko Gobernu Taldetik badakigu zuhaiztia herriaren ondarea dela eta ahal den neurrian kontserbatu behar dela, baina betiere segurtasunaren premisapean. Gainera, Udal honek ez du nahi langile propioek eta kanpoko enpresatakoek inolako liskarrik izatea auzokideekin”.
EAJren udal gobernutik azpimarratu dute segurtasuna bermatzea dela helburu nagusia: “Jarduera iragarri zenetik argi utzi dugu kendutako zuhaitz guztien ordez ale osasuntsuagoak eta egokiagoak jarriko direla, salbuespenik gabe. Gure ustez, kasu honetan segurtasuna nagusitu behar da, Txopoen aurrean kokatutako aleen egokitzapenean gertatu zen bezala; izan ere, eremu horretako zuhaitzak zati batean moztu ziren, mundakarren oniritzia lortuz”.
Udalak apirilean jakinarazi zuen Alkate Mallona kaleko ezkerreko parteko aparkalekuen alboko lurrezko parterrak kenduko zituztela, “ibilgailuen erabiltzaileen sarrera-irteerak oztopatzen dituztelako, tartean mugikortasuna murriztuta daukaten pertsonenak, horiek beste aldetik irten behar dutelako”.
Zuhaitzen mozketari buruzko azterlana. Era berean, udalak egindako zuhaitzei buruzko azterlana gogora ekarri dute. Herriko zuhaitz guztien “jarraipen zehatza” egin dute, horien “osasuna zehazteko, bilakaera gertutik ikusteko eta urteak igaro ahala hartu beharreko bidea ikusteko”. Apirilean ikerketari buruzko informazio-hitzaldia antolatu zuten, eta Hydroforest lorezaintzako eta zuhaitzen kudeaketako zerbitzuen enpresaren azterlanean oinarrituta, udalerriko hiri-zuhaitzen egoeraren berri eman zuten. Saio hartan aurreratu zuten Alkate Mallona kalean egin beharreko parterreak egokitzeko obrak aprobetxatuz, eremu horretako “zortzi ezki-aleak mozteko eta beste mota bateko arbola egokiagoak bertan landatzeko aukera zegoela”.
Azterlana egin zuen enpresak ziurtatu zuenez, “kale horretan egingo diren parterreak hobetzeko eta erregulatzeko obrek ezkien sustraiak kaltetu ditzakete, eta, beraz, hobe da egoera hori aprobetxatzea, kalearen morfologiarekin bat datozen eta mantentze-lan txikiagoak behar dituzten beste espezie batzuekin ordezkatzeko”. Dioenetez, ale berri guztiak aldi berean landatzeak, eta ez pixkanaka, “oreka, homogeneotasun eta uniformetasun handiagoa” emango dio kaleari.
Udaleko teknikariek emandako txosten positiboak lortu ondoren, obrarekin aurrera jarraitzea erabaki zuten, hau da, “gaixo dauden ezkiak moztea, parterrak kentzea–espaloi hori zabalduz eta ibilgailuentzat eta erabilgarrientzat irisgarri bihurtuz– eta esparru egokiago batean zuhaitz berriak landatzea”.