Mundakako Udalak udalerriko zuhaitz batzuk ordezkatuko ditu, "arriskuak ekiditeko"
Txopoen aurrean dauden hiru platanondoak, Talaian dauden bi ale, Errekako aparkalekuan dauden 11 aranondo japoniarrak eta Alkate Mallona kalean dauden zortzi ezki moztu eta ordezkatuko dituzte.
Herriko zuhaitz guztien “jarraipen zehatza” egin ostean, Mundakako Udalak 24 zuhaitz ordezkatuko ditu, “arriskuak ekiditeko”.
Hala, “laster” egingo dituzten jarduerak zehaztu dituzte: Txopoen aurrean dauden hiru platanondoak, Talaian dauden bi ale, Errekako aparkalekuan dauden 11 aranondo japoniarrak eta Alkate Mallona kalean dauden zortzi ezki moztu eta ordezkatuko dituzte. Mallona kalekoak, hain zuzen ere, ezkerraldean daudenak izango direla aipatu dute, “eraberritze lanak egingo baitira kale horretan espaloiaren altuera bateratzeko”.
Jarduera batzuk “segurtasunagatik” egingo dira, beste batzuk, berriz, “aleen egungo osasun-egoerari eta zuhaitzen tipologia eta morfologia obrak egingo diren eremuetara egokitzeko beharrari lotuta” daudela adierazi dute.
“Txopoetako hiru platanondoek segurtasun-arazoak sortzen dituzte, haien osasun-egoera ez baita ona. Adar astunak dituzte eta erortzeko arriskua daukate; jende asko ibiltzen da inguru horretan. Badakigu neurri zaila dela, zuhaitz horiek herriaren ondare kultural ezagunaren parte direlako, baina, pertsonen moduan, zuhaitzak ere handitu egiten dira eta birjarri egin behar dira. Gure asmoa da mota bera erabiltzea aurreko egitura errespetatzeko”, azaldu dute azterketa egiteaz arduratu diren Hydroforest empresako arduradunek.
Alkate Mallona kaleko ezkiak, bestalde, beste zuhaitz mota batzuengatik ordezkatuko dituzte: “Kale horretan egingo diren obrek ezkien sustraiak kaltetu ditzakete, eta, beraz, hobe da egoera hori baliatzea, kalearen morfologiarekin bat datozen eta mantentze lan txikiagoa behar duten beste batzuengatik ordezkatzeko. Ale berri guztiak batera landatzeak, eta ez pixkanaka, oreka, homogeneotasun eta uniformetasun handiagoa emango dio kaleari”.
Irati Gondra alkateak argi dauka zuhaiztia “herriaren ondarea” dela, eta ahal den neurrian, eta “beti, segurtasunaren premisapean kontserbatu” egin behar dela uste du: “Hala ere ezin gara arriskatu. Zuhaitz bat kentzea dramatikoa da beti, baina beharrezkoa da zenbait kasutan. Bestalde, zuhaitz egokiagoak jarrita, mantentze eta inausketa lanetan aurreztuko dugu”.