Hastear dago SOMEkoen 3. Aste Kulturala
Bihartik ekainaren 23ra bitartean, Segundo Olaeta Musika Eskolako ikasleak izango dira protagonista nagusiak. Bihar, Busturian eskainiko duten Herriz Herriko Kontzertu Zikloagaz hasiko dute aste kulturala.
Segundo Olaeta Musika Eskolako ikasturteko 3. Aste Kulturala hastear dago, eta ikasleek hartuko dute protagonismoa bihartik ekainaren 23ra bitartean. Erritmoak eta soinuak denetariko lekuetan entzun ahalko dira aste honetan. Musika eskolako emanaldietarako ohikoak diren Lizeo Antzokian eta Elai Alai areto txikian joatzeaz gain, Busturiko Altamira kultur etxean, Gernika-Lumoko kaleetan ariko dira musikariak; Merkurion, Seber Altube Auditorioan eta San Juan Ibarran eskainiko dituzte kontzertuak.
Herriz Herriko Kontzertu Zikloagaz hasiko dute musikaren astea bihar, Busturian. Magia eta musika uztartuz, Gernika-Lumoz harago zabaldu gura zuten musika, eta laugarren geldialdia izango da Busturiko Altamira kultur etxean eskainiko dutena; aurretik, Foruan, Muxikan eta Gautegiz Arteagan eskaini dituzte emanaldiak. Orkestra txikikoak ariko dira bertan, baita Ganbara taldekoak eta Orkestra nagusikoak ere. Denetariko musika estiloak jorratuko dituzte, folk abestietatik soinu banda ezagunetara bitartekoak.
Etzi eta astelehenean, bakarlarien txanda izango da, eta bi txandatan banatuta eskainiko dituzte kontzertuak egun batean zein bestean; etzi, 17:30ean eta 19:00etan izango dira saioak, eta astelehenean, 18:00etan eta 19:30ean. Ekainaren 20an, 18:00etan, Koroko kantariak eta sei urteko ikasleak igoko dira Lizeo Antzokiko oholtzara.
Hurrengo hitzorduak, kalean. Kaleak ere presentzia nabarmena izango du 3. Aste Kulturalean, izan ere, Gernika-Lumoko leku esanguratsuetan eskainiko dituzte emanaldiak. Ekainaren 21ean, Musikaren Eguna ospatuko dute, eta Merkurio plazan ariko dira musikariak. Orkestra txiki eta nagusiak, haize ensanbleak eta ganbara taldekoek eskainiko dute kontzertua bertan.
Ekainaren 22an, SOMEko Konboak arduratuko dira Seber Altube Auditorioan eguenero eskainiko diren Arbolapean kontzertu zikloko kontzertuei hasiera emateaz. Egun bat beranduago, ekainaren 23an, Rock & Band kontzertua eskainiko dute San Juan Ibarran. San Joan bezpera gauean izango da, eta emanaldi “berezia eta magikoa” izango dela aurreratu dute. Banda sinfonikoa, rock talde bat eta eskolako abeslari ugari ariko dira elkarlanean, eta Ross Dantza Eskolakoek koreografiekin indartuko dute emanaldia.
Egitaraua:
- Ekainak 15 (eguena).Herriz Herri zikloaren barruko kontzertua, 19:00etan, Altamirako Kultur Etxean.
- Ekainak 16 (barikua). 17:30ean eta 19:00etan, Gernika-Lumoko Elai Alai aretoan.
- Ekainak 19 (astelehena). 18:00etan eta 19:30ean, Gernika-Lumoko Elai Alai aretoan.
- Ekainak 20 (martitzena). Koroak eta 6 urteko ikasleak, Gernika-Lumoko Lizeo Antzokian.
- Ekainak 21 (eguaztena). Musikaren Eguna, kontzertuak kalean: 18:30ean, Gernika-Lumoko Merkurio plazan.
- Ekainak 22 (eguena). Arbolapean zikloaren hasiera: Konboak, 20:00etan, Gernika-Lumoko Seber Altube auditorioan.
- Ekainak 23 (barikua). Trikitixa Taldearen kalejira, 19:00etan. Rock & Band San Juan Ibarra, plazan, 22:00etan.