26.181 zuhaitz eta zuhaixka landatu ditu Lurgaiak aurtengo denboraldian
Landaketa guzti horiei esker, baso bihurtzen ari diren 50 hektarea ingurutan "biodibertsitatea" berreskuratuko dutela diote Lurgaiakoek.
33 espezie autoktonoko 26.181 zuhaitz eta zuhaixka landatu ditu Lurgaiak 2022-2023 denboraldian, dagoeneko baso bihurtzen ari diren 50 hektarea ingurutan; besteren artean, Ibarrangelun, Kortezubin, Mendatan, Muruetan, Muxikan, Ziortza Bolibarren edota Munitibarren egin dituzte landaketak. “Ez dela erraza izan” diote, baina lortu dute.
“Landatutakoak zurtoin txikiak baino ez dira orain, sasi artean daudenak, lurra elikatzen ari direnak. Berehala agertuko dira euren babesleen gainetik, eta hazi egingo dira. Hazten direnean, itzala sortuko dute, eta sasiek iratze, lore, onddo eta litekeenei utziko diete lekua”, azaldu dute. Gainera, intsektuak, hegaztiak eta ugaztunak zuhaitz horietara hurbilduko dira, eta “biodibertsitatea” berreskuratuko dutela diote Lurgaiakoek.
Zuhaitz eta zuhaixken landaketa hori egiteko laguntza izan dutela onartu dute, “boluntariotza sare ikaragarri” baten laguntza, eta enpresa zein boluntarioei euren lana eskertu diete. “Ez zaigu eskurik falta izan: Soraluze Baso Biziak, Elgoibarko Baso Biziak, Eibarko Baso Biziak, Sagarrak, Ekologistak Martxan edota BaSOS”, gehitu dute.