Bertaratu gura dutenek aurretiaz izena eman behar dute; barikua [ekainak 9] da horretarako azken eguna.

2018an sortu zen Euskal Australiar Alkarteak australiako eta euskal kulturaren arteko harremana sendotzea du helburu, baita Australiara joan ziren euskaldunen lanari buruzko informazioa ezagutaraztea eta zabaltzea ere. Horri tiraka, herritarren arteko senidetasun bazkariak antolatu izan dituzte –2018, 2019 eta 2022an–, eta aurten ere batuko dira. Zapatuan [ekainak 10] jarri dute hitzordua Gernika-Lumoko Zallo Barri Jatetxean, eta bertaratu gura dutenek izena eman behar dute; barikua [ekainak 9] da horretarako azken eguna.
Izena emateko 665 73 02 87 telefono zenbakira whatsappa bidali edo deitu egin beharko da. Euskal Australiar Alkarteko kideek parte hartzeko deia egin diete herritarrei, Australian egon zirenei, etorri zirenei eta bi kulturei buruz jakin nahi duen guztiei.
Izan ere, asko izan ziren Busturialdetik eta Lea-Artibaitik Australiara joan zirenak eta urteak igarota herrira bueltatu zirenak. Beste batzuk kontinente berrian geratu ziren. Eta, orain, emigratu zutenek bi herrialdeetan bizitakoak ezagutarazi gura dituzte. Izan ere, Euskal Herritik Australiara lan egitera joan eta handik Euskal Herrira itzultzeko bidea hartu zuten horien bizipenak batzen ari dira Euskal Australiar Elkarteko kideak. Euskal Herriko Unibertsitatearekin elkarlanean ari dira, gerora testigantzak Eusko Jaurlaritzak daukan Diasporari buruzko artxiboan gordetzeko. “Australiara joan zirenen eta handik bueltatzea erabaki zutenen bizipenak, memoriak eta lekukotasunak batzea eta zabaltzea da asmoa, han zelan bizi ziren ezagutzeko. Eusko Jaurlaritzak memoria lanketa hori egiteko diru laguntza eskaini zigun, eta horretan ari gara, EHUgaz elkarlanean”, adierazi dute. “Euskaldunek Australian izan zuten bizimodua gordetzeko proiektua da, zelan bizi ziren jakiteko balioko duena”.