Ekainaren 8tik eta 17ra bitartean ospatuko dituzte Gorpuzti Jaiak Ibarrangelun. Herritarrak "jaietarako gogotsu" daudela adierazi dute antolatzaileek.
Ibarrangelutarrak aurtengo Gorpuzti Jaietarako prest daude. Eguenetik [ekainak 8] hurrengo asteko zapatura [ekainak 17] bitartean ospatuko dituzte jaiak, eta “adin tarte nahiz gustu guztiei” egokitutako egitaraua atondu dute. Herritarrak jaiak ospatzeko “oso gogotsu” sumatzen dituztela azaldu dute antolakuntzakoek, eta, beste urte batez, “aurreikuspen oso onak” dituztela iragarri dute.
Aurten, gainera, jaien prestakuntzan berritasun esanguratsu bi eduki dituzte. Batetik, “belaunaldi berriek” esku hartu dute egitarauaren prestakuntza prozesuan. Hain zuzen ere, kontzertuez arduratu dira antolakuntzara sartu diren parte hartzaile berriak, eta “haize berria” ekarri dutela adierazi dute. Bestetik, udaletxe azpian txosna bat ipiniko dute hilaren 9an, 10ean eta 17an.
Eguenean [ekainak 8], jaietako estreinako jardunaldia eguerdian ipiniko dute abian, mezagaz; jarraian, urtero modura, Ibarrangeluko gaiteroek eta pandero jotzaileek kaleak euren doinuekin alaituko dituzte, jaiei hasiera emanez. Jaietako lehendabiziko egun hori guztietatik “intimoena” izan ohi dela diote antolakuntzakoek: “Normalean, egun horretan herriko jendeak baino ez du parte hartzen. Hau da, ez da kanpotar edota udatiar askorik egoten; jaiak hurrekoen artean eta herri giroan hasten ditugu”.
Barikuan [ekainak 9], Marinuen eta Arrantzaleen Bazkaria egingo dute, urtero legez, Lagan. 20:00etan, aldiz, jaietako une gorenetako baten txanda izango da: txupin botatzea. Aurten, adineko ibarrangelutarrak omenduko dituzte, eta 90 urtetik gorako herritarrena izango da txupina botatzeko ohorea. “Beti herriko talde edota kolektiboak omentzen dira, eta aurten adinekoei jaietan merezi duten tokia gordeko diegu”.
Enare Muniategi, Ibai Amillategi eta Janire Arrizabalaga bertsolariek bertso poteoa girotuko dute
Txupina jaurti eta segidan, zenbait bertso abestuko dituzte udaletxetik bertatik, eta jarraian hasiera emango diote bertso poteoari. Enare Muniategi arteagarra eta Ibai Amillategi zein Janire Arrizabalaga gernika-lumotarrak izango dira Ibarrangeluko kale nahiz txokoak bertsoz girotzeko arduradunak. Antolatzaileek azaldu dute “eskualdekoak eta gazteak” diren bertsolarien aldeko apustua egin dutela; horrez gain, plaza bat eskaini gura izan diete emakumezko bertsolariei ere.
22:00etan, herriko plaza zuzeneko musikak hartuko du. Moonshakers bilbotarrak izango dira oholtzara igotzen lehenak, eta ondoren herrian hain ezagunak diren The Uski’s taldekoek hartuko dute testigua. “Ibarrangelutarrek izugarri maite dute talde hori; herrian jotzen duten bakoitzero bikain portatzen dira, eta horrexegatik eduki ohi dute toki bat jaietako egitarauan”. Gaua Luhartz Erromeriakoek borobilduko dute. Horiek ere iaz jo zuten Ibarrangelun eta, emandako “ikuskizun paregabea tarteko”, aurten errepikatu egingo dute.
Gaur-gaurkoz, 150 lagun inguruk izena eman dute herri bazkarirako
Hilaren 10ean, Bermeoko erraldoiak Errenteriako Gazteak Txistu Taldekoekin eta Ibarrangeluko gaiteroekin elkartuko dira eta, kalez kale, pilotalekutik Elexaldera arteko joan-etorria egingo dute. 15:00etan, herri bazkaria egingo dute. Gaur-gaurkoz, 150 lagun inguru daude izena emanda; “kopuru oso polita” dela adierazi dute. Bazkalostean, mahaigainekoa berreskuratuko dute; herriko dantza mota zaharra da mahaigainekoa eta, zenbait urtez dantzatu barik egon ostean, aurten bazkalostean dantzatuko dute. Jarraian, Obieta aita-semeek girotuko dute frontoia, 19:00etan, Beti Alai txarangaren txanda iritsi arte. Herritarrek berriro egingo dute pilotalekutik Elexaldera arteko bidea. Bertara ailegatuta, musikak ez du etenik izango, Lady Ankiu DJak herritarrak dantzan ipiniko baititu.
Ekainaren 11n, umeentzako tartea egongo da: 10:00etan, txistulariek lagunduta, diana egingo dute kalerik kale; 12:00etan, aldiz, Lorea Ume Dantza Taldekoek dantza ekitaldia egingo dute, eta arratsaldean haurrentzako puzgarriak ere egongo dira Elexalden.
Paella txapelketak herritarrak, udatiarrak zein kanpotik bertaratutakoak elkartzen ditu
Paella txapelketa jendetsua. Hilaren 17an, jaietako azkenengo egunean, urteroko ekimen esanguratsuenetako bat egingo dute: paella txapelketa. “Herriko jendeaz gain, udatiarrek edota kanpotik bertaratutakoek ere parte hartzen dute. Guztira 15 paella inguru aurkezten dituzte lehiaketara, baina bertan bazkaltzeko kozinatzen dituztenak gehiago izaten dira. Oro har, giro ederra egoten da txapelketan, herritarrek pila bat disfrutatzen dute”.
17:30ean, frontoiak esku pilota partiduak hartuko ditu. Hainbat mailatako partiduak egongo direla aurreratu dute, “umeetatik nagusi mailakoetara arte”. Emakumezko pilotariei bereziki tokia egin gura izan dietela ere azaldu dute. Nagusien artean, aldiz, Peña II.a eta Aranguren Artolaren eta Albisuren kontra ariko dira. 20:00etatik aurrera, Mariatxi Tierra de Oro taldearen eta Siesta Destroyer DJaren musikak borobilduko dute gorpuztietako aurtengo egitaraua.
GORPUZTIETAKO EGITARAUA
EKAINAK 8 (EGUENA)
- 12:00. Meza Santua.
- 12:30. Ibarrangeluko gaiteruak eta panderujoleak, Elexalden.
EKAINAK 9 (BARIKUA)
- 14:30. Marineru eta arrantzaleen bazkaria, Lagan.
- 20:00. Txupinazoa.
- 20:30. Enare Muniategigaz, Ibai Amillategigaz eta Janire Arrizabalagagaz bertso poteoa, Elexalden.
- 22:00. Moonshakers.
- 23:15. The Uski’s.
- 00:30. Luhartz erromeria.
EKAINAK 10 (ZAPATUA)
- 13:00. Bermeoko erraldoiekin, txistulariekin eta gaiteruekin kalejira, frontoian hasita.
- 15:00. Herri bazkaria, frontoian (txartelak ekainaren 5a bitartean eskuratu daitezke udaletxean eta kultur etxean, nagusiek 17 euro ordainduta eta umeek 10 euro).
- Ostean. Obieta aita-semeak, frontoian.
- 19:00. Beti Alai txarangarekin kalejira, frontoitik Elexaldera.
- 22:00. Lady Ankiu Dja, herriko plazan.
EKAINAK 11 (DOMEKA)
- 10:00. Diana herriko txistulariekin.
- 11:00. Meza nagusia.
- 12:00. Euskal dantza ekitaldia, Lorea umeen dantza taldearen eskutik.
- 17:00. Puzgarriak, frontoian.
EKAINAK 17 (ZAPATUA)
- 12:00. Paella txapelketa.
- 14:00. Paellen aurkezpena.
- 17:30. Pilota partiduak.
- 20:00. Mariatxi Tierra de Ororekin mexikar doinuak, tabernarik taberna.
- 22:00. Siesta Destroyer dj.