Mendizaleek Ajangizko mugak zeharkatuko dituzte
Ajangizko Mugari Bira mendi martxa domekan [maiatzak 21] egingo dute.
Ajangizko San Isidro eta San Asentzio jaiak, urtero-urtero, egitasmo berezi bategaz agurtzen dituzte: Ajangizko mugak zeharkatuz, mendi ibilaldia egiten dute. Aurtengoa XIV. ekitaldia izango da. Hitzordua 08:30ean ipini dute, udaletxe aurrean. Ordu horretan ekingo diote bideari martxa luzeko oinezkoek; ibilbide laburra egingo dutenak, ostera, 09:30ean abiatuko dira. Ajangizko Jai Batzordeko antolatzaileek mendizale profil guztiei egokitzen zaizkien ibilbideak prestatu dituzte. Luzeak 19 kilometroko luzera du, eta laburrak, aldiz, 11koa.
Antolakuntzatik aurreratu dute ibilbide biak ala biak markaturik egongo direla eta, gainera, anoa postu bi ere egongo direla. Aukera luzea hautatzen dutenek ondorengo ibilbidea egingo dute: Mendietako plaza-Burgoa-Olesko-Argana-Kanpantxuko plaza-Mentzeta-Eperlanda-Arrietagane basorako gurutzea-Solaurren-Pertxamendi-Mendietako plaza. Laburrera jotzen dutenek, berriz, ondorengo zirkuitua osatuko dute: Mendietako plaza-Burgoa-Olesko-Argana-Kanpantxuko plaza-Mentzeta-Arabieta-Mendietako plaza. Era berean, lehenengoek Mentzetan eta Arrietagane basorako gurutzean anoa postuak edukiko dituzte; bigarrenek, Mentzetan baino ez.
12 urtetik gorakoek zortzi euro ordaindu beharko dituzte. Horrez gain, martxak amaituta, jan-edanean biltzeko aukera edukiko dute parte hartzaile denek, eta opari bana jasoko dute.