Mailako aizkolaritza saioa egingo dute Gernika-Lumon
Barikuan [maiatzak 19], 19:30etik aurrera, Urrezko Aizkolariak egitasmoa egingo dute Merkurion.
Ekimenak emakumezkoen eta gizonezkoen aizkolaritza saioa barnebiltzen ditu; puntako partaidetza egongo da Merkurion. Emakumezkoen artean, Maika Ariztegi 51 urteko iturendarrak Nerea Sorondo beratar gaztea edukiko du aurrez aurre; Ariztegiren eskarmentua Sorondoren gaztetasunaren aurka lehiatuko dira. Gizonezkoen artean Iker Vicente otsagabiarrak, Hodei Ezpeleta eibartarrak eta Mikel Larrañaga azpeitiarrak parte hartuko dute. Aizkolariek egiteko gogorra edukiko dute: metro biko gerri bueltako enborrak moztu beharko dituzte, zutik eta etzanda ipinita.
Vicente nafarra izango da, hain zuzen ere, erakargarri handienetako bat. Izan ere, Euskal Herriko eta Nafarroako txapeldunik gazteena izandakoa da; lehen lorpena 22 urtegaz eskuratu zuen, eta bigarrena, ostera, 18gaz. Munduko Txapelketan bigarren postua poltsikoratutako Europako aizkolari bakarra ere bada; 2019an lortu zuen zilarrezko domina hori.