Bisonteak, etxean garaipena lortzeko "gogotsu"
Zapatuan [maiatzak 20] Beteranoen Estropadaren III. ekitaldia egingo dute, 17:00etan, Mundakan.
Beteranoen III. Estropada La Salve ligako bigarren proba puntuagarria izango da. Guztira, hemeretzi klub ariko dira zein baino zein gehiago. Ligako hamabi parte hartzaileez gain, zenbait klubek bikoiztu egingo dute uretaratuko duten traineru kopurua. Bisonteek “motibazio handiagaz” hartuko dute etxeko estropada: “Klub antolatzailea garenez, ilusio handiz bizi dugu estropada hori. Lehen helburua gozatzea eta hurreratzen diren guztiei gozaraztea izango da, baina, bestalde, oso lehiakorrak izan gaitezkeela uste dugu.
Arraunlariek, azken ekitaldian ez bezala, itsasoan egingo dute erlojupeko saioa; 2.800 metro inguruko ibilbidea osatu beharko dute, binaka aterata. Egunotako ipar haizea tarteko, mundakarrek aurreratu dute itsasoa “nahiko nahasi” egongo dela espero dute; egoera hori “beren alde” izan daitekeela azaldu dute. “Iaz, egon ziren baldintzak zirela eta, ibaiadarrean egin behar izan genuen arraun, hau da, geure ohiko egoeretatik urrun samar. Aurten, itsasoan lehiatuta, hobeto ibili gaitezke”.
La Salve ligako maila “dezente” igo dela adierazi dute. Lehiaketako lehen jardunaldian, hain zuzen ere, Mundakako tripulazioa sailkapeneko zortzigarrena izan zen. Pontejos nagusitu zen, 12.36,35eko denboragaz; bisonteek 12.56,70ekoa egin zuten. Etxeko estropadara begira, iragarri dute lehen jardunaldiko “lehen zortzi taldeetako edozeinek” lor dezakeela garaipena; zentzu horretan, proba “oso irekia” izan daitekeela diote.”Aurten, Fortuna, Bilbo, Plentzia, Badok 13 edota Getxo moduko taldeak oso sendo daude, baina etxeko uretan eta, gainera, ondo egokitu ahal zaigun itsaso egoeragaz, aukerak ditugula uste dugu; garaipena lortzeko edo behintzat saiatzeko gogotsu gaude”.
Inguruko kontserba enpresek laguntza eman diete Mundakako Beteranoei, estropada osteko mokadurako beren produktuak emanez
Talde bakarragaz. Mundakako beteranoek talde bakarra uretaratu ahalko dute etxeko norgehiagokan, antolakuntza arrazoiak direla eta: “Geure talderik lehiakorrena aurkeztuko dugu, baina badira maila handia duten eta uretatik kanpo geratuko diren hainbat kide ere. Kontua da estropada osteko mokadua eta, oro har, egun osoko antolakuntza guk geuk egin atondu behar dugula; horrek, jakina, jendea libre egotea eskatzen du”. Aurten, beste alde batetik, inguruko kontserba enpresek laguntza berezia eman diete bisonteei. “Proba osteko jan-edanaren zati bat beraien produktuekin osatu dugu; zentzu horretan, oso eskertuta gaude eman diguten laguntzagatik”.