Kontu kontari ibiliko dira Gautegiz Arteagan
Ekintza barikuan [maiatzak 19] izango da, 17:00etan, Aretxederreta Kultur Etxean. Ekimenaren helburua da adin guztietako herritarrak ipuinak, txisteak, poemak edota aho korapiloak kontatzera animatzea.
Montorre Eskolak eta Gautegiz Arteagako Udalak Artian Kontu Kontari jardunaldia antolatu dute elkarlanean. Herritarrei barikurako [maiatzak 19] daukaten hitzordura bertaratzeko deia egin diete. Ipuin kontalari saio bat ere egongo da.
Herritarrak elkartzeko “aukera paregabea” dela dio Juan Felix Naberan alkateak: “Aitite, amuma, guraso, gazte eta txikiak batzeko aukera ona da, guztiek euren istorioak partekatzekoa. Elkartzeko eta kontuak kontatzeko modu bat da”. Bizilagunak ikusleak izango dira, ikusle aktiboak, ikuskizunaren parte izango direnak. “Hori da gure helburua, batzea, gozatzea eta herri modura dugun nortasuna indartzea”.