Hasitako lanari eutsi eta erronka berriei aurre egiteko programa aurkeztu du Nabarnizko EH Bilduk
Egungo alkate Jose Antonio Maruri da Nabarnizko EH Bilduren alkategia, eta datozen lau urteetarako erabilera anitzagoko kultur etxea egokitzea eta aisialdirako ur jolas parkea egitea aurreikusten dituzte.
Nabarniz irisgarriago bat sortzeko eta aisialdirako aukerak gehitzeko hauteskunde programa aurkeztu du Nabarnizko EH Bilduk. Hala, bi proiektu nagusi aurkeztu dituzte hurrengo lau urteetan egiteko: erabilera anitzagoko kultur etxea egokitzea eta aisialdirako ur jolas parkea egitea.
Kultur etxea egungo udaletxearen eraikinera lekualdatu gura dute, baina, horretarako, udaletxe zaharra berritu eta inguru horretako iriste erraztasuna hobetu beharko dituzte. Bestalde, energetikoki autosufizientea izango den ume eta helduentzako jolas parkea egokitzea da euren asmoa. Bi proiektuak elkarrengandik hurbil eta ibilgailuen joan-etorritik aldenduta egitea aurreikusi dute koalizio abertzalekoek.
Bestalde, Lekerika eta Eleizalde batzeko bidegorria amaitzeaz gain, Arrolako Kastrora segurtasunez joateko oinezkoen bide berri bat ere eraiki gura dute, baita Nabarniz eta Ereño batzeko bidegorria egitea aztertu ere.
Klima aldaketaren Aurkako Plan Integratua garatzen jarraitzea ere bada taldearen asmoa: eraikuntza publiko eta pribatuetan biomasako bero sarearen instalazioaren proiektua aktibatu gura dute, baita ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntua jarri ere. Horrez gain, kultur arloa bultzatu eta aisialdirako aukerak areagotu gura dituzte.