Herri partaidetzan oinarritutako programa aurkeztu du Muxikako EH Bilduk
Aurreko agintaldian hasitako proiektuekin jarraitzeko eta proiektu berriak egiteko asmoa du Muxikako EH Bilduk, beti ere herritarren parte hartze aktiboan oinarrituta.
Muxikako EH Bilduren hauteskunde programako proiekturik handiena da Kurtzeroko aparkalekuan herritarren bilgunerako gune estali bat egitea, eta alboko berdegunean, umeentzako jolasleku eta parkea sortzea. Ibarrurin ere aparkaleku eta jolasgune berri bat egitea aurreikusi dutela gehitu dute. Datorren agintaldian, gainera, Kurtzeron kirol instalazio berri bat egiteko proiektua aurkeztu dute, baita udalerria konektatzeko bidegorriaren proiektuagaz jarraitzea ere; orain, Kurtzero Astelarragaz lotzea da helburua.
Udalerriko saneamendu sistema publikoa udalerriko auzo guztietara zabaltzeko konpromisoa ere berretsi dute aurten koalizio abertzalekoek: “Gorozikan, Zabalen eta Ibarrurin egin modura, auzo guztietara zabaldu gura dugu saneamendu sistema publikoa”. Eta, bestalde, baserriak eraberritzea eta horietatik etxebizitza bat baino gehiago ateratzea sustatuko dutela diote, baita Ugarten etxebizitza tasatuak egitea aztertuko dutela ere.
Muxika, Ibarruri eta Gorozika “herri biziak” direla diote, eta kultur taldeek herriei ematen dieten bizitasuna bermatu asmoz, eurenganako “harreman hurbila” bultzatzen jarraitzea da EH Bildukoen asmoa.