San Isidro eguna ospatuko dute astelehenean [maiatzak 15] hainbat herritan. Muruetarrek asteburu osorako ekintzak prestatu dituzte.

Nekazarien eta baserritarren eguna da San Isidro, nekazaritza mundua baserri eremutik atera eta herriko plazetan ospatzen den egun seinalatua. Egun horretan ohikoa den modura, herri txikietan mezara joango dira herritarrak, eta hamaiketakoan elkartuko dira gero. Hala egingo dute Foruan eta Kortezubin. Bestalde, bazkaltzeko geratu dira Mendatan eta Natxituan, zapatuan eta astelehenean [maiatzak 13-15], hurrenez hurren.
Mendatako udalak jakinarazi duenez, eguna pasatu, belaunaldi desberdinetako jendea elkartu eta kontu batzuk esan eta denen artean arratsaldea “giro ezin hobean” igarotzea da euren asmoa; 14:30ean elkartuko dira Atarpe Jatetxean. Natxituan, ostera, Ermintxon bazkalduko dute, baina aurretik, trikitilariek girotuko dute eguerdia.
Muruetan garrantzitsuak dira sanisidroetako ospakizunak, eta astebururako zein astelehenerako egitarau zabala prestatu du udalak. Jaien hasierako txupinaren ostean, afari herrikoia egingo dute frontoian, eta trikitilariak ariko dira egonaldia musikatzen.
Domekan umeek denetariko jolasak edukiko dituzte plazan, eta nagusiak mus txapelketan elkartuko dira. Gainera, Xaibor arduratuko da herritarrak dantzan jartzeaz.
Astelehenean, ostera, beste herrietan legez, mezan elkartuko dira, baina prozesioa ere egingo dute muruetarrek, eta, ostean, San Isidro Kofradiakoen hamaiketakoa dastatzeko aukera egongo da. Eguerdian Muruetan San Isidro egunez horren ezagunak diren eta tradizio bilakatu diren bolo eta bingo txapelketak egingo dituzte. Eta arratsaldean Benguria (Almike) eta Lopategiren (Billela) arteko idi probaz gozatzeko aukera edukiko dute Muruetako probalekura gerturatzen direnek.
EGITARAUAK, HERRIZ HERRI
- Forua
- Astelehena.
- 12:30. Meza San Martin elizan.
- Ostean. Hamaiketako herrikoia.
- Astelehena.
- Kortezubi
- Astelehena.
- 11:00. Meza santua.
- Ostean. Hamaiketakoa Kortezubiko txokoan.
- Astelehena.
- Mendata
- Zapatua [maiatzak 13]. 14:30. Artapen sanisidroetako bazkaria.
- Murueta
- Zapatua [maiatzak 13]
- 19:00. Jaiei hasiera eta poteoa Joxepa Kale Kalerekin, Eleizalden.
- 21:00. Afari herrikoia frontoian.
- Ostean. Kanta eta dantza trikitixa eta panderoarekin.
- Domeka [maiatzak 14].
- 11:30. Meza ostean, Kantu kantarigaz poteoa Eleizaldean.
- 16:30. Umeen joko eta olgetak.
- 17:30. Mus arin txapelketa.
- 18:00. Xaiborren showa.
- Astelehena [maiatzak 15].
- 11:00. Meza eta ostean prozesioa San Isidrorekin.
- 12:30. San Isidro Kofradikoen hamaiketakoa.
- 13:30. Boloak eta bingoa.
- 18:00. Idi probak: Benguria (Almike) vs Lopategi (Billela).
- Ostean. Jaiei agurra eta txokolatada danontzat.
- Zapatua [maiatzak 13]
- Natxitua (astelehena, maiatzak 15)
- 12:30. Trikitilariak, plazan.
- 14:30. Bazkaria Ermintxon.