Azoka domekan [maiatzak 14] egingo da. Lurgorriko Auzo Kultur Elkarteak antolatutako bigarren eskuko azoka "elkartasun azoka" izango da aurten lehenengoz.
Elkartasun kutsua izango du aurten Lurgorri Auzo Kultur Elkarteak domekarako [maiatzak 14] antolatu duen bigarren eskuko azokak. Izan ere, elkartasun mahaia jarriko dute bertan, eta azokan parte hartzen duten guztiek ekarpen bat egin beharko dute mahai horretarako; mahai horretatik lortutako irabaziak Batera Gara elkartasun ekimenari emango dizkiote. “Aurten lehenengoz egingo dugu elkartasun ekimena. Ekarpen txiki bat egin nahi dugu. Badakigu askorik ez dugula lortuko, baina elkartasunez jokatu gura dugu”, adierazi dute antolatzaileek.
Lurgorri parkean egingo dute azoka, 10:30etatik 15:00etara bitartean, eta euria egingo balu, Araba kaleko 9 eta 21 arteko arkupeetara lekualdatuko luketela jakinarazi dute.
Azokan parte hartzeko aurretiaz izena eman behar da lurgorri.gizarteetxea@gmail.com helbide elektronikora idatzita. Gaur gaurkoz, 15 pertsonak izena eman dute: “Jendeak etxean dituen eta erabiltzen ez dituen gauzei bigarren bizitza emateko trukeak egin ahalko ditu bertan”.
Aurten berreskuratu dute ekimena, auzoa “biziz” betzeko: “Pandemiaren ostean elkartea geldituta egon da, baina jende berria batu da eta ekintzak egin gura ditugu. Eskola lortzea zen elkartearen helburu nagusia. Lortu genuen, eta orain, betiko legez, auzoari bultzada bat eman gura diogu”. Aurreko urteetako azoketan jende asko bertaratu izan dela eta “arrakastatsuak” izan direla esan eta aurten ere jendea biltzea espero dutela gaineratu dute.
Azokaz gain, Txitatoki zirku eskolak ikuskizuna eta tailerra eskainiko ditu, eta Bizkaiganeko gazta eta Errotako ogiz egindako pintxoak ere jarriko dituzte salgai.