"Lehia biziko" esku pilota txapelketako finalak lehiatuko dituzte domekan
Ajangizko IX. Esku Pilota Txapelketaren finalak jokatuko dituzte domekan [maiatzak 14] nagusi, benjamin, alebin eta infantil mailan. Pilotari txikien topaketa egingo dute.
Igoa eta Apezetxeak osatutako bikoteak Amiano eta Olidenen aurka jokatuko dute nagusi mailako final handian. Afizionatu mailan “ibilbide oparoa” duten pilotariak dira laurak, eta antolatzaileek Igoaren jokoa nabarmendu duten arren, “lehia polita eta joko bizia” espero dutela adierazi dute: “Asko gustatu zitzaigun duela bi aste Amianok erakutsi zuen freskotasuna, bolea indartsua eta joko bizia. Igoaren aurkako lehia estua izango da. Atzean ere lehia polita egongo da, Apezetxeari tantoak egitea oso zaila delako eta ez duelako hutsik egiten, baina Olidenek ere fresko eusten diolako pilotari. Gurako nuke pentsatu jokoa eta ikusgarritasuna emateko partidua izango dela”.
Finalaurrekoetan pilotariek emandako maila “izugarri ona” izan dela dio Aitor Albizu antolatzaileak, “partidu politak eta oso onak” ikusteko aukera izan dutela esanez. Lehiaketa final “onagaz” errematatzea gura du.
Gazteen topaketak. Partidu horrez gain, benjamin, alebin eta infantil mailako finalak leihatuko dituzte, eta bost urtekoen topaketa egingo dute. Zortzi ume ariko dira pilotan topaketa horretan, jendeaurreko lehenengo hastapenak egiteko. “Amoa da lagun giroan, familia giroan, pilotaren inguruan kohesioa lortzea. Pilota sentimendua da, atxikimendua, gauzak eraikitzeko eta horrek herrian inpaktua edukitzeko tresna. Gainera, herritarrak zein beste herri batzutakoak batzeko balioko duela uste dut”.
Hala, pilotarien ibilbidea “pausoz pauso” erakutsiko dute: “Txapelketa integrala dela erakutsi nahi dugu, erreferentziak bilatzeko aukera, helburuak aurkitzekoa”.